Martxan da Zarautzen Daniel Txopitea beka

Urola Kostako Hitza 2015eko otsailaren 2a

Hirugarren urtez abian jarri du Zarauzko Udaleko Kultura sailak arte sorkuntzarako beka hori. Horrekin marrazketa, pintura, eskultura, argazkigintza, zinema, bideoa, diseinu grafikoa, moda diseinua, artisautza eta bestelako diziplina artistikoen bitartez ideia bat garatzeko aukera ematea da sortzaileari zein sortzaile taldeari, aldi batean. Horretarako 3.000 euro jasoko ditu irabazleak, eta horrek Sortaldea kultura eremuan lana sortu eta garatzeko aukera. Irabazleak gutxienez hiru hilabeteko epea izango du aurkeztutako proiektua egiteko, eta gehienez, sei hilabetekoa.

Interesa dutenek dagoeneko aurkez ditzakete proiektuak. Askotariko dokumentazioa  aurkeztu beharko dute parte-hartzaileek: jardueraren memoria—zer jarduera burutuko diren eta zer emaitza lortuko den zehaztuta—, izandako gastu eta inbertsioen zerrenda, diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestela diru sarreren xehetasunak, curriculum vitae-ak, proiektuaren azalpen txostena, argazki dossierra, aurrekontua eta errolda ere aurkeztu beharko dira, kasu.

Arte sorkuntzan profesionalak diren hiru lagunek eta Zarauzko Udaleko Kultura saileko ordezkari batek  osatuko dute epaimahaia. Horiek proiektuaren interesgarritasuna, kalitatea eta orijinaltasuna baloratuko dute, eta baita gai desberdinak biltzea,  Zarauzko ikus-arteei egiten dion ekarpena, eskatzailea Zarautzen erroldatuta dagoen ala  ez, euskararen erabilera lehenetsi izana eta genero parekidetasunari  modu positiboan eragiten dion ala ez, besteak beste.

Informazio zabalagoa eskuratu nahi dutenek Kultura sailaren webgunea bisita dezakete.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide