Eskualdeko ordezkariak FITUR azokan. (Iturria: Euskal Kostaldeko Geoparkea)
Urola Kostak SICTEDeko 2014ko Turismo Helmuga Onenen lehiaketako lehen finalistaren saria eskuratu du. SICTED proiektuak turismoa jasotzen duten lurralde eremuetan turismo eskaintzaren kalitatea hobetzea du helburu. Sistema horren barruan 183 turismo helmuga eta 5.000 enpresa inguru daude eta beren eskaintzan eta lan prozesuetan kalitatea hobetzeko urratsak egiten dituzte, metodologia jakin bat landuz. Aia, Getaria, Orio, Zumaia eta Zarautz 2006an hasi ziren turismo helmuga gisa kalitatea hobetzeko lanak egiten. Lan horiek era koordinatuan garatu dituzte eskualdeko udalek, turismo bulegoen eskualdeko lan mahaiaren bidez. Une honetan, guztira, turismo sektoreko 76 enpresa ari dira programa honetan parte hartzen: ostatuak, jatetxeak, tabernak, museoak eta turismo aktiboko enpresak besteak beste.
Eskualdeko ordezkariak FITUR-era
Asteazkenetik otsailaren 1era turismo arloko nazioarteko azoka egingo dute Madrilen FITUR izenekoa eta Getaria, Zarautz eta Zumaiako alkateak eta turismo bulegoetako arduradunak bertan dira. Urola Kosta eskualdeak bere txokoa izango du Euskadiko standean eskualdeko turismo baliabideak erakusteko.