Zarautz Rugby Taldeak kartel lehiaketa antolatu du Garagardo Azokaren harira

Urola Kostako Hitza 2015eko urtarrilaren 29a

Haimar Manzisidorrek irabazi zuen iaz kartel lehiaketa, “Retrobeer” lanarekin

Apirilaren 1etik 6ra izango da Zarauzko XV. Garagardo Azoka. Hori aitzakitzat hartuta, aurten ere  kartel lehiaketa antolatu du Zarautz Rugby Taldeak. 18 urtetik gorakoek hartu ahalko dute parte lehiaketan, eta bakoitzak gehienez bi lan aurkezteko aukera izango du. Estiloa zein teknika libreak izango dira, baina gaia Zarauzko Garagardo Azokaren ingurukoa izan beharko du. Zentzu horretan, honakoa gehitu beharko zaio diseinuari: Zarauzko XV. Garagardo Azoka 2015. Apirilaren 1etik 6era Munoan. Eguerdiko 12:00etatik gaueko 01:00etara .  Horrez gain, azokan zerbitzatuko diren garagardoen logoak ere itsatsi beharko dira. Logo horiek www.garagardoazoka.info web orrian daude eskuragai, edo ZKEren bulegoetan, CD batean. Horrez gain, diseinatzaileak 5 zentimetroko tartea utzi beharko du, antolakuntzak bere logoak jartzeko. Neurriari dagokionez, Din A3 tamainukoak izan beharko dute kartelek.

Otsailaren 1eik 27ra aurkeztu beharko dira lanak, Zarautz Kirol Elkartearen bulegoan (Kale Nagusia, 7-1), 10:00etatik 14:00etara eta  17:00­etatik 19:00etara. Lanek ez dute egilearen daturik agerian eramango. Kartelarekin batera, kartazal itxi batean, parte-hartzailearen datu pertsonalak eta nortasun agiriaren fotokopia bidaliko dira. Kartazalaren kanpoaldean eta lanaren atzealdean  izenburua jarri beharko da.

Sari bakarra banatuko dute: 300 eurokoa.  Lan irabazlearekin azokako kartelak eta eskuorriak osatuko dituzte.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide