Zapi, begizta eta eskumuturreko arrosak banatu dituzte Zarautzen gaur, Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Egunean

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015eko urriaren 19a

Minbiziaren aurkako Gipuzkoako elkarteko ordezkariak eta Xabier Txurruka Zarauzko alkatea zein Maite Garrastazu zinegotzia, udaletxe parean

Gaur Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna da, eta hori dela eta Minbiziaren aurkako Gipuzkoako elkarteko ordezkariak udaletxean izan dira, eta aprobetxatu dute Xabier Txurruka Zarauzko alkatearekin zein Maite Garrastazu zinegotziarekin argazkia ateratzeko udaletxe atarian, xingola arrosa atzean dutela. Ostiralean zintzilikatu zuten Zarauzko udaletxeko balkoitik xingola arrosa, asteburuan ere ikusgai izateko.

Zapi, begizta eta eskumuturreko arrosak banatzen aritu dira AECCko kideak kalean. Bihar, berriz, Udaberri abesbatzak kontzertua eskainiko du itsas pasealeakuan, Muskaria parean, eta globoak botako dituzte, gaixo dauden pertsonei babesa eskainiz. 17.30ean izango da hori.

Zarautzen bezala, Azpeitiko, Getariako eta Orioko eraikin publikotan xingolok jarriko dituzte, Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide