Kontxako Banderagatik tren eta autobus zerbitzuak indartu dituzte

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko irailaren 11

Zumaiako txaranga Donostian izango da igandean herriko trainerua animatzen. (Baleike.eus)

Urteko arraun hitzordurik garrantzitsuena jokatuko da igandean Donostiako badian, eta eskualdeko arraunzale ugari bilduko da arraunaren festa handian. Urtero bezala, kolorez beteko da Donostiako portua, eta festa giroa izango da nagusi moilaren eta Donostiako Alde Zaharraren inguruan.

Eskualdetik jendetza joaten da estropadak zuzenean ikustera nahiz festara. Hori dela-eta, EuskoTrenek trenen zerbitzua indartuko du iganderako. Zerbitzuak hurrengo orduetan aterako dira Zumaiako tren geltokitik Donostiara: 09:00etan, 09:11n, 09:30ean, 10:00etan, 10:11n, 10:30ean, 11:00etan eta 11:11n. Nabarmendu dute gainerako trenek beren ohiko ordutegia mantenduko dutela. Bestetik, igandean 09:55ean Azkoititik Donostiara joango den autobus zerbitzu berezia ere egongo da.

Estropadak, 11:00etan

Estropadak eguerdi partean jokatuko dira. 11:00etan jokatuko da emakumezkoen lehia, eta 12:00etan hasiko da gizonezkoen txanda. Eskualdeari dagokionez Orioko gizonezkoen eta emakumezkoen traineru banak eta Zumaiako emakumezkoen traineruak parte hartuko dute lehian, eta igandean eskualdera Kontxako Bandera ekartzeko aukera badela uste dute. Izan ere, emakumezkoen kasuan lehia estua ikusteko aukera izan zen aurreko igandean jokatu zen lehenengo estropadan; hiru segundoren barruan helmugaratu baitziren San Juan, Hibaika eta Zumaia. Beraz, emakumeen mailan dena erabakitzeke dago.

Zumaiarrei harrera, prest

Zumaiako Arraun Elkartetik jakinarazi dutenez, irabazi ala ez, errezibimendua egingo diete herrian Zumaia Salegiko neskei; 19:00-19:30ak inguruan kofradian izango da hori.

Gizonezkoen estropadan, berriz, Orioko traineruak ohorezko txandan jokatuko du, baina 13 eta 15 segundora ditu sailkapenaren buruan diren Urdaibai eta Hondarribiako traineruak. Aurreko igandean «kaleak kaltetu» zituela pentsatzen dute oriotarrek. Horregatik, lehen jardunaldiko emaitza ahaztu eta etzi txanda irabaztea dute helburu Orioko gizonezkoen traineruko arraunlariek.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide