Irabazi Zarautzek "herritarren bizi kalitatea hobetu eta ingurumena babesten duen herria eraiki nahi du

Urola Kostako Hitza 2015eko apirilaren 27a

Angel Garcia, Ana de Benito eta Oihane Delgado, Astiko aisialdi gunean. Amaia Ventas

Irabazi Zarautz taldeko ordezkariak "kezkatuta" daude ingurumenarekin. "Gure jarrera aldatu egin behar dugu", dio Ana de Benito alkategaiak: "Guk geuk, herritar gisa, garapen berde eta iraunkorra lortzeko agente aktibo izan behar dugu, eta gure ohiko portaerek ingurumenean sortzen dituzten arazoez kontzientzia gehiago izan behar dugu".

Horretarako, ingurunaren babeserako neurri batzu aipatu ditu de Benitok. Batetik, autopistako hirugarren erreia erakitzearen kontra azaldu da, eta saihesbide batek herrian izan dezaken eragina ikertzeko eskatu du. Horrez gain, dagoeneko aztertuta dauden gunetan panel akustikoak jartzeko galdegin du, Orokieta parean, kasu. Halaber, adierazi du AP-8 autobideak sortzen duen kutsadura akustikoa murrizteko "modurik eraginkorrena" Zarauzko zatian abiadura 80 kilometro ordura mugatzea litzatekeela.

Oihane Delgadok adierazi du Irabazi Zarautzek gune naturalak defendatzen dituela, eta ondorioz, Asti indartzea, Asti errekaren ezkerraldeko aldea  biotopoarekin uztartzea eta degradatutako zonaldeak berreskuratzea dira taldearen helburuetako zenbait. Halaber, Astiko natur gunea enpresa pribatu bati 30 urterako uztearen kontra daudela aldarrikatu du.

"Zarautz animalien laguna den herria bihurtu nahi dugu, tratu txarrak saihesteko", jarraitu du Delgadok: "Irabazi Zarautzek animalien babeserako neurriak bultzatuko ditu". Horretarako, kaleko animaliei C.E.S delako metodoa aplikatzeko proposatu du, animaliei ilea moztu, txertatu, esterilizatu eta berriro bere esparruetan lagaz. Era berean, animalien babeserako elkarteekin hitzarmen berriak sinatu nahi dituzte, "animali gutxituen zero sakrifizio politika lortzeko Zarautzerako". Tratu txarren kontrako neurriak hartuko dituztela ere esan du Delgadok, animaliak edukitzeko eta horiek babesteko ordenantza bat sortuz.

Hondakinak, bandera urdina eta Igerain parkea

Hondakinen politiken "erabilera partidista" salatu du Angel Garciak, eta gogoratu du Hondakinen Mahaian hartutako erabakiak ez direla aurrera eraman. Hala, %70eko birziklatze tasa—egun %43koa da— lortzea dute helburu. Bestetik, errauste planaren kontrako jarrera "argia" erakutsi du, "hori ingurumenarekiko eta ekonomiarentzat kaltegarria" dela nabarmenduz. Horren aurrean, Gipuzkoa mailako hondakin plan baten aldeko apustua egin du, eta hori foru aldundiaren ardura dela gaineratu.  Irabazi Zarautzen proposamen nagusia, ordea, hondartzarako bandera urdina lortzea dela esan du Garciak. "Saiatu behar dugu ura kalitate onenekoa izaten".

Ingurumenaren babesa aldarrikatzearekin batera, Igerain parkea estaliaren auziaz jardun du de Benitok: "Aurrekontua %65 igo dela eta proiektua egiteko 33 zuhaitz moztuko direla jakinarazi digute. Bi urte pasatu dira eta Igerain parkeak estalpe gabe jarraitzen du". Hori guztia "kudeaketa motel eta guztiz txarraren" erakusle dela dio, eta horrenbestez, proiektua berrikusteko eskatu dio Udal Gobernuari.

Horrekin batera, legegintzaldi honetan egin dituzten beste "zentzugabekeria" batzuk zerrendatu ditu: "Adibidez, herri osora hedatu dute TAO sistema, eta egun oraindik legez kanpo kontatzen dena; aldundiaren ordez, herritarrok ordaindu beharko dugun Nafarroa kaleko biribilgunea eta Astin egitekoak diren megaproiektua".

 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide