Internazionalismoaren aldeko babes ekitaldia egingo du Askapenak Zarautzen

Nerea Uranga 2015eko apirilaren 24a

Internazionalismoaren aldeko babes ekitaldia antolatu du Askapenak larunbaterako (apirilak 25) Zarauzko Modelo aretoan, Herrion suak bizirik darrai lelo hartuta. 12:30ean da ekitaldi politikoa.

Askapenak Internazionalismoa ez da delitua babes kanpaina du martxan jarrita, Askapenaren legez kanporatzea eta bertako bost kideren kontrako espetxe eskaera salatzeko. Babesa emateko orduan, «Euskal Herria internazionalista baten alde lan egiteko beharra eta eskubidea, eta herri burujabeen arteko elkartasunezko harremanetan eraikiko den mundu bat» aldarrikatzen dute sinatzaileek.

Dagoeneko Euskal Herriko 60 eragile sozialen eta sindikalen babesa jaso dute. Nazioartean ere biltzen ari dira atxikimenduak, Euskal Herriaren Lagunak sareko kideen bidez. Kasu honetan, munduko toki askotako eragileen eta norbanakoen babesa jaso dute: Galizia, Herrialde Katalanak, Gaztela, Andaluzia, Aragoi, Asturias, Sardinia, Korsika, Mexiko, Venezuela, Argentina, Brasil, Uruguay, Txile, Kolonbia, Puerto Rico, Kurdistan eta Frantzia.

Larunbatean, Zarautzen, jaso duten babes eta elkartasun guztia biltzeko asmoa dute.

Askapenaren kontrakoa

2010eko irailaren 28an Askapenaren kontra egin zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Pablo Ruz epailearen aginduz zazpi lagun atxilotu zituen orduan Espainiako Poliziak.

Pasa den otsailean, Auzitegi Nazionaleko Fiskalak zazpi atxilotu horietako bosten kontra (Walter Wendelin, Aritz Ganboa, Dabid Soto, Unai Vazquez eta Gabi Basañez) seina urteko kartzela zigorra eskatu zuen. Horrez gain, Askapena, Askapeña, Herriak Aske eta Elkar Truke elkarteen legez kanporatzea, «ETAren aginduko egitura» izatea egotzita.

EGITARAUA:

- Apirilak 25, larunbata

12:30. Ekitaldi politikoa, Zarauzko Modelo aretoan.

14:30. Bazkari internazionalista, Putzuzulo gaztetxean. Txartelak salgai daude Zarauzko Arranon eta Eguzkin.  Bestela, bazkaria@askapena.org helbidera idatzi daiteke bazkarirako izena emateko.

18:30. Havana 572  Kubako taldearen kontzertua, Putzuzulon.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide