Mahats Bilketaren 18. Jaiaren aurkezpena (Amaia Ventas Aldabaldetreku)
Goi mailako bi eskubaloi jokalari omenduko dituzte larunbatean, Mahats Biltzearen XVI. Jaian: Alba Menendez eta Maialen Mujika zarauztarrak. Biak ala biak Bera Bera taldeko kideak dira, eta talde donostiarrarekin Espainiako Supercopa irabazi berri dute aurten. Iaz Espainiako Ligako txapeldunak izan ziren. Hori dela-eta, aitortza egingo diote 12:00etan, eta urteko lehen muztioarekin topa egiteko aukera izango dute, erakundeetako ordezkariekin batera.
Aurtengo uzta iazkoa baino hobea izango dela aurreratu du Jose Inazio Manterola Getariako Txakolina jatorri izendapeneko presidenteak. «Urte osoan lanean jardun dugu, eta horregatik uzta bikaina izango dela espero dugu. Iazkoa ona izan zen, baina aurtengoa are hobea izango dela uste dugu». Izan ere, aurten mahasti sail gehiago dituzte, eta aleak ere handiagoak dira. Horrek eragina izango du ekoizpenean. «Iaz 3,5 milioi kilo inguru izan genituen, eta aurten 3,6-3,8 milioira helduko garelakoan gaude. Oso animatuta gaude, eta nahiko genuke herritarrek gure poz hori ere partekatzea larunbateko festan», adierazi du.
1.500 botila
Muztioaren aurkezpena izango da eguneko ekitaldi nagusia. Gainontzean, ohikoak izango dira: bisita gidatua eskainiko dute Talaiberri txakolindegian; pintxo pote berezia Alde Zaharreko tabernetan—Argi, Boga, Cantabrico, Egoki, Geltoki, Itxaso, Okamika, Orbela, Pagoeta, Patxiku eta Txiki Politen–, eta, lehen muztioaren aurkezpenaren ostean, txakolina dastatzeko aukera izango dute herritarrek, Lege Zaharren Enparantzan.
Guztira, 27 upategitako txakolina probatu ahalko dute bertaratzen direnek: Agerre, Aizpurua, Akarregi Txiki, Ameztoi, Arregi, Basa-Lore, Bengoetxe, Eizagirre, Elkano, Etxetxo, Gaintza, Gañeta, Flysch, Hiruzta, Inazio Urruzola, Kataide, K5 Argiñano, Mokoroa, Rezabal, Sagarmiña, Santarba, Talaiberri, Txomin Etxaniz, Ulacia, Upaingoa, Urki eta Zudugaraikoa. 1.500 botila ekarriko dituzte horretarako.
Sei euro ordainduz gero, edalontzi bat eskuratuko da, eta bost txakolin dastatu ahalko dira. Horri laguntzeko, hegaluze, antxoa, piper eta bestelako pintxoak ere izango dira.
Sei txakur lehian
Txakolina ardatz duen pintxo poteaz gain, eguerdian edari horretan oinarritutako bazkariak eskainiko dituzte herriko zazpi jatetxetan: Bai Batzokia, Lagunak, Kirkilla, Txiki Polit, Kandela, Santa Barbara eta Kulixka jatetxeetan, zehazki.
Arratsaldean, berriz, ohiko moduan Arraza Libreko Ardi Txakur Txapelketa jokatuko dute Iñurritzako Kortazar zelaian, 18:00etatik aurrera. Aurten ere sei txakur lehiatuko dira bertan, bi txandatan banatuta: Mikel Aizpurua oiartzuarraren Sukar, Juan Ramon Azkargorta galdakaotarraren Luki, Manuel Gorriti aizarnazabaldarraren Argi, Mikel Garaiar zumaiarraren Luki, Inaxio Etxeberria azpeitiarraren Lista eta, azkenik, Jose Luis Saizar zarauztarraren Rex.
Egitaraua
10:30. Bisita gidatua Talaiberri txakolindegira.
11:00. Kalejira txistulariekin.
12:00. Txakolinarekin pintxo poteoa herriko tabernetan.
12:00. Lege Zaharren Enparantzan, lehenbiziko muztioaren aurkezpena eta topa. Iratzarri dantza taldeak Txakolin dantza egingo du, Otxote baten laguntzarekin. Sebastian Lizasok eta Andoni Egañak bertso saioa eskainiko dute.
12:30. Txakolin dastaketa. 27 upategitako 1.500 txakolin botila eskainiko dituzte. Kopa eta bost txakolin sei euroren truke. Jarraian, txistulariek kaleak girotuko dituzte.
18:00. Arraza Libreko Ardi Txakurren VIII. Txapelketa, Kortazarren.
18:00. Dantzaldia Musika Plazan.