Santa Klarako pasabideko prozesua azalduko du Xabier Txurrukak asteazken honetan

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015eko irailaren 15a

Santa Klarako trenbide gaineko pasabidea (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Zenbait berrikuntza izango ditu aurten Zarauzko Mugikortasun Asteak. Urtero legez, aurten ere bat egin du udalak Europako Mugikortasun Jasangarriaren Aldeko Astearekin, eta bihartik hasi eta hilaren 22ra askotariko ekintzak izango dira herrian, Agenda 21 sailak eta Udaltzaingoak antolatuta eta Aukeratu, aldatu, konbinatu zure mugikortasuna! lelopean.

Biharko ekitaldia izango da berrikuntzetako bat. Xabier Txurruka alkateak Santa Klarako pasabidearen inguruko prozesua azalduko du. Gune horretan, trenbide gaineko egungo pasagunea kentzeko ETS Euskal Trenbide Sareak abian jarri duen prozesua aurkeztuko du.

Errepidetik ere bai

Horretarako, ETSk lehiaketa jarri du martxan, egungo trenbidearen gaineko pasabideko auziari irtenbidea emateko proiektua idazteko. Horri buruz ariko da alkatea, eta hitzordua aprobetxatuko du herritarren, eta bereziki, trenbide inguruan bizi diren auzotarren ekarpenak jasotzeko. Maite Garrastazu Mugikortasun zinegotzi eta Udaltzaingoaren arduradunak gogorarazi du pasabidea desagerrarazteko proiektuak hilaren 22ra arte aurkez daitezkeela, baina udalak aurrez bildu nahi duela bizilagunekin, haien iritzia ezagutzeko. 17:30etik 19:30era izango da, Geltoki plazan. Bestetik, larunbatean ospatuko dute Txirrindulari Txiki Eguna, eta horrek ere izango ditu berritasunak. Aurten lehenbiziko aldiz, bidegorritik izan ezik, errepidetik ere igaroko dira parte-hartzaileak. Hain zuzen, Gloria Vazquez Agenda 21eko zinegotziaren arabera, hori da udalak bultzatu nahi duena: herritarrek bizikletaz errepidetik ibiltzeko ohitura hartzea. Bi ibilbide izango dira: bata motza eta bestea luzeagoa. Hamar urtetik beherako haurrek hartuko dute parte, eta ezinbestekoa izango da kaskoa eramatea.

Etzi bide heziketa programa eskainiko dute udaltzainek, eta hilaren 22an Autorik Gabeko Eguna ospatuko dute. Egun horretan Santa Marina, Zigordia, Foruen, Ipar, Salegi, San Frantzisko eta Araba kaleko zati bat itxita egongo dira, eta doan izango da herriko autobusa.

Bizikletak konpontzeko tailerra ere eskainiko dute Eroski saltoki handiko biribilgunetik kiroldegiko biribilguneraino itxiko duten zatian. «Bizikleta ez da jostailu bat», gogoratu du Agenda 21eko zinegotziak.

Garraio publikoa indartu

Mugikortasun Astearen helburua mugikortasun jasangarria sustatzea da, auto pribatua baztertuz—egun 12.000 auto daude Zarautzen— , eta oinez, bizikletaz zein garraio publikoan ibiltzea sustatuz. «Hirurak beharrezkoak dira, eta hirurak bultzatu behar ditugu. Helburua kutsadura murriztea da», nabarmendu du Vazquezek.

Garraio publikoari dagokionez, esan du instituzioetatik bultza beharreko zerbait dela. Haren arabera, udalak dagoeneko zenbait neurri hartu du: autobus zerbitzua aztertu eta hobekuntzak ezarri, eta bizikleta bideen Plan Berezia onartzea, kasu.

 

EGITARAUA

Bihar, irailak 16

17:30-19:30. Santa Klarako pasabidearen inguruko prozesua ezagutaraziko du Xabier Txurruka alkateak, Geltoki plazan.

etzi, irailak 17

18:30. Bide heziketa programa, Zarauzko Udaltzaingoarekin Lege Zaharren Enparantzan.

irailak 19. larunbata. Txirrindulari Txiki Eguna

10:00. Lizardi Institututik aterako dira, Araba kaletik, eta bertan amaituko dute ibilbidea. Bi ibilbide izango dira: bata motza eta bestea luzeagoa. Amaieran, txokolatea banatuko dute eta bi bizikleta zozkatu. Euria eginez gero, kiroldegiko pilotalekuan.

irailak 22, asteartea. Autorik gabeko eguna

Egunean zehar.  Santa Marina, Zigordia, Salegi, San Frantzisko, Ipar eta Foruen kalea itxita egongo dira, eta baita Araba kaleko zati bat ere. Herriko autobusa doan izango da.

18:00-19:00. Itxiko duten Araba kaleko zatian—Eroski saltoki handiko biribilgunetik kiroldegi pareko biribilgunera arte— bizikletak konpontzeko tailerra eskainiko dute haurrentzat.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide