Zirika euskara elkarteak hileroko ekintzen bidez emango du euskararen egoeraren berri. Gainera, posta elektronikoko helbide bat jarriko du martxan, hizkuntza-eskubideen urraketak salatu nahi dituzten herritarrei laguntzeko. Zegak, berriz, gazteek euskaraz elkarrekin aritzeko aukerak sortu nahi ditu, jaiak, hitzaldiak eta gazte olinpiadak antolatuz.
Zarauzko EHEk urtero antolatzen duen Euskaraz Bizi Eguna baliatuko du herritarrei euskararen egoeraz gogoeta eginarazteko, herrian euskaraz aritzeko sare berriak sortzeko eta lehendik daudenak indartzeko. Noranahi elkarteak bere jarduera eta jakinarazpen publiko guztiak euskara hutsean egiteko konpromisoa hartu du. Elkarteak kudeatzen duen Panel Urdina Telegram kanalean ere euskara hutsezko kartelak baino ez ditu argitaratuko.
Urola Kostako AEK-k ikasgelatik kanpo ere euskaraz aritzeko aukerak eskainiko dizkie ikasleei, Mintzalagun eta AEKalean egitasmoen bidez, besteak beste. Zarauzko Udal Euskaltegiak, berriz, euskaraz ez dakiten herritarrengana hurbiltzeko bideak bilatuko ditu, eta euskal kulturari, Zarauzko historiari eta herriko ohiturei leku handiagoa egingo die bere jardunean.
Konpromisoa adierazi ez duten herriko eragileek oraindik badute Esnatu dinamikarekin bat egiteko aukera.