Elkarte bakoitzak bere jardunetik heldu dio erronkari. Arrai zopa kantu taldeak herriko jai eta ospakizunetan kale kantuan jarraituko du, eta Zarauzko Musika Bandak euskaraz egingo ditu saio eta ekimen guztiak. Zarakatun batukada feministak noka sustatzeko erronka hartu du. Jalgi dantza taldeak, berriz, haur eta helduen eskolak euskara hutsean ematen jarraituko du.
Kostan elkarteak urtez urte euskarazko hitzaldi gehiago antolatuko ditu. Nahia artisau elkarteak bereizgarri bat jarriko du azoketan, herritarrek euskaraz artatuko dituzten postuak erraz ezagut ditzaten.
Auzoetako jaietan ere hartu dituzte konpromisoak. Skapa kultur elkarteak jaietako egitaraua euskara hutsean argitaratzen jarraituko du. Zelai-ondoko jai elkarteak Zarauzko hizkera landu eta hika indartuko du. Santa Marinako Komisioko kideek, jendaurrean, euskaraz egingo diete ulertzen duten taldekide guztiei. Salbide auzo elkarteak euskarari leku egiten jarraituko du antolatzen dituen ekitaldietan.
Kirol arloan, Zarautz Kirol Elkarteak euskaraz egingo du kirolariekin, eta entrenatzaile euskaldunik ez dagoenean, laguntzaile euskalduna jarriko du.
Hartu zure konpromisoa! Urrats txikiekin aldaketa handiak egin ditzakegu.