Airos /airoso

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Olaizola 'Txiliku'

Alaia, bizia; grazia, alaitasun eta gatza duen pertsona; baita liraina ere, gorpuzkera arin eta jolastia duena. Arropa edo jantziei dagokienez, koloretsua edo bizia, arropa alaia.

 

airos. 1) adj. Pertsonez ari garela, alaia, bizia, alaitasuna eta izaera alegera duena.

airos. 2) adj. Pertsonez ari garela, liraina.

airoso, airoski. 3) adb. Biziki, arin, zalu.

airoso, airoski. 4) adb. Kalterik gabe; espero zena lortuz, eragozpenik gabe.

airos. 5) adj. Gauzez ari garela, bizia (pilota, esaterako) edo alai eta koloretsua (jantziak eta soinekoak…).

Sarritan, pertsonez ari garela (neska gaztez, bereziki) airos / airosa adjektiboa erabiltzen da pertsona (neska) horren izaera bizia, alaia, graziaz edo gatz eta piperrez jantzia dela adierazteko (bertsolaritzan eta poesian erabili izan da bereziki): Izan ere gorputza / dezu aproposa, / ikusi hutsarekin / ematen du poza; / beste inor ez dala / zu bezain airosa, / herri guzian dago / banatua boza. Edota: Neskatxa gazte paregabea / txoria bezain airosa. Baita ere: Zera txepetxa bezain airosa, / zure begiak dituzulako txoragarriak. Zenbaitetan pertsonaren liraintasuna adierazteko ere erabiltzen da: Guztiz da txori eder pozduna, / egokia ta lirana, / dama gazte bat bezain airosa, / bera dan bezain apaina. Edota: Ni utzita juan ziñan / bastante airosa. Neska gazteak zein beste pertsonaz gain, gauzak ere izan daitezke airos; horrela pilota airosa da bote handi edo arinekoa, eta soinekoak izan daitezke “airosegiak” kolorez zein ederrez nabarmenak direnean. Norbaitengatik esan daiteke euskara airosa duela dotorea eta alaia, koloretsua duenean. Horrez gain, antzeko hitza (airoso) erabiltzen da adierazteko eragozpenik edo zailtasunik gabe amaitzen denean arazo edo eginkizunen bat. Zerbaitetik airoso ateratzen da kalterik gabe edo zailtasunak gainditurik ateratzen dena.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide