ANALISIA

Barealdia uretan baino ez da izan

Erabiltzailearen aurpegia Leire Ibar 2026ko uztailaren 6a

Olatuak itsasoan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Traineru denboraldia martxan da, eta Gukak, astero, arraunaz analisia eskainiko die irakurleei. Laugarren iritzia Leire Ibar arraunlari ohi azpeitiarrak idatzi du. 

Ur bareetan hasi da aurtengo lehen mailako traineruen liga. Hitzaren zentzurik literalenean, behintzat. Buitrago del Lozoyako urtegiak ez du Kantauri itsasoaren oldarrik, ez marearik, ez olatuek estropada bat hankaz gora jartzeko gaitasunik ere. Baina ur geldo horiek ez dute bare utzi arraunaren inguruko eztabaida. Alderantziz, uretan bertan baino olatu handiagoak sortu dira lehorrean.

Kirol arloari dagokionez, lehen asteburuak espero zen gidoia bete du. Ez dira ezusteko albiste izan denboraldiko lehen estropadetako irabazleak. Hogei traineruen artean nagusitasunez izan baitira garaile Arraun Lagunak eta Orio, orain arteko aurreikuspenak beteta. Lehia handiena, ordea, lehorrean jokatu da.

Madrilen hasi da liga, bi kaletara, ohikoa baino ziaboga gehiagorekin eta normalean egin ohi diren estropaden neurritik aldendutako formatuan. Ezohiko hasiera izan da Eusko Label eta Euskotren ligentzat, eta horrek berak azal dezake lehen banderen oihartzuna emaitzetatik haratago joan izana.

Aspaldian ari gara entzuten arraunak ikusgarritasuna behar duela, zale berriak erakartzea ezinbestekoa dela eta gure kostaldetik at ere presentzia izan behar duela. Nekez izango nuke horren aurkako argudiorik. Baina Madrileraino joan behar al gara horretarako? Helburua zilegia da, baina bidea aukeratzerakoan ere komeni ohi da galdera batzuk egitea.

Baliteke urtegiaren ertzean egon zen norbaitek lehen aldiz traineru bat ikusi izana, eta baliteke uda honetan telebista piztea estropadaren bat ikusteko, pertsona hori Isabel Díaz Ayuso ote? Baditut nire zalantzak.

Hala ere, pozgarria litzateke bestelako zale berriak izatea arraunak. Baina iruditzen zait zale berriak irabazteko modurik onena ez dela arraunari beste zerbaiten itxura ematea, arrauna den bezalaxe erakustea baizik.

Dena den, lehen asteburuak utzitako zalaparta igarota, denboraldian zehar arrauna den bezalaxe ikusteko aukera izango dugulakoan nago. Maila goreneko bi garaileek gidoia idatzita dutela dirudien arren, trainerurik hoberenak ere ez dira egun txar batetik edo ziaboga oker batetik salbu, itsasoak ez baitu faboritorik.

Itsasoak gogokoenak bereizten ez dituen moduan, maila altu edo apalagokoak ere ez ditu bereizten, eta horren adierazle dira KAE 1 eta 2 mailakoen, zein ETE ligakoen emaitzak. Badirudi saltsa izango dela goren mailara igotzeko jauzia eman nahi duten taldeen artean.

Madrilgoaren inguruan hitz egitea ere ongi dago, baina herri txikietako kaietan, aurrekontu estuekin eta askotan oihartzun mediatikorik gabe egiten den lana ere aipatu beharra dago. Hain zuzen, hor egiten den lana baita baliotsuena, eta horri esker baitirau gure kirol honek. Oinarri sendo hori gabe, ez legoke ez liga profesionalik, ez banderarik, ezta ikusgarritasunaren inguruko eztabaidarik ere.

Urrutira joan gabe, etxean bertan ere badugu zer bultzatua eta zer zaindua. Gure portuetan astebururo egiten den lana ez baita Madrilen jokatutako estropada batek emango duen oihartzunaren araberakoa. Azken batean, traineruak ur bareetan ere ibil daitezke, baina arrauna ez zen ur bareetarako sortu, eta, zorionez, itsasoak oraindik ez du marketin-planik.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide