Autismoaren Nazioarteko Eguna apirilaren 2an

Erabiltzailearen aurpegia La Salle Zarautz 2017ko mar. 28a, 11:02

Autismoa zer den, nola antzematen den, haien jokaera eta izaera ulertzen saiatzen lagundu… Apirilak 2ko ekitaldiek gai horien inguruko sensibilizazioa egitera bideratzen dituzte batez ere indarrak.

La Salle Ikastetxean Gautenak duen Gela Egonkorrak urte osoan zehar egiten du lan honen inguruan, baina data hau gerturatzen zaigula, aurten, gonbidapen berezia luzatu digute. Izan ere, azken hiru urteetan Urdinduz ibilaldi solidarioa antolatu du Gautenak Gipuzkoan, eta aurten, laugarrenez, Zarautzen burutzeko asmoz dabiltza, Apur ditzagun Hesiak, Elkarrekin, Autismoaren Alde lelopean.

Gure Ikastetxean txertatutako errealitate delako, LH eta DBHko tutoretzetan lanketa bereziak burutuko dira, hausnarketa eta jarduerak uztartuz, eta datorren ostiralean soinean urdin kolorea jaztera gonbidatzen ditugu guztiak. Horrez gain, Igandeko Ekitaldiari Ikastetxeko ikasle batzuk emango diote hasiera Munoan, goizeko 11:30etan; Musika Plaza, Udaletxeko Plaza eta Malekoian barrena bi orduko ibilbidea burutu ostean, Munoan bertan izango du amaiera ibilaldiak.

Ikastetxean landu duguna gizarteratzen lagun gaitzazuen eskertuko dizuegu, zuen seme-alabekin batean ibilaldi honetan parte hartuz, ezberdina denarekiko elkartasuna eta errespetua balore garrantzitsu direla erakutsiz. Inguruan dituztenekin errazago komunika daitezen saiatuz, komunikazio bide desberdinak ezagutzeko interesa azalduz, zailtasunei aurre egin eta ahal dela, haien ingurua ulertzeko saiakera eginaz, hesiak hautsi bakarrik ez, zubiak ere eraiki behar ditugulako.

Zarautz inoiz baino urdinago izan dadin, apirilaren 2an, goizeko 11:30etan, niki urdina soinean duzula, gertura zaitez Munoara, Ibilaldi Solidariora!

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide