Ander Iruretagoiena zinegile zarauztarra elkarrizketatu zuten joan den astean Euskadi Irratiko Arratsean kultur saioan estreinatzear den Babesa film laburraren harira. Ordu erdi luzez aritu zen Iruretagoiena Arantxa Iturberen galderei erantzuten ikus-entzunezkoaren nondik norakoak azaltzeko; izan ere, zuzendaria eta aktore protagonista da, aldi berean.
Zarauztarrak aste honetan bertan, ostegunean, erakutsiko du film laburra lehenengo aldiz jendaurrean eta jaioterrian egingo du, aurrestreinaldi saioa prestatu baitute. 18:00etan hasiko da eta doakoa izango da sarrera. Proiekzioarekin batera, solasaldia ere egingo dute eta Iruretagoienak berak eta Mireia Gabilondo produktoreak hartuko dute parte.