Ekaina inguruan hasi zinen zure sare sozialetan Babesaren inguruko lehen kontuak erakusten. Orain kartela ere badaukazue. Zein puntutan dago proiektua?
Azkenengo fasean dago, banaketan. Aurrestreinaldi bat egingo dugu otsailaren 15ean Zarautzen, baina estreinaldirako egunik oraindik ez dugu. Zinema jaialdi batzuetara ere bidali dugu proiektua, eta orain erantzunaren zain gaude. Erditzear dagoen film laburra da, eta gogoz gaude.
Ez dago proiektuari buruzko informazio askorik. Zer kontatu nahi izan duzu lanarekin?
Hainbat arazo dituen 25-30 urte bitarteko gazte baten inguruan kokatzen da istorioa. Haren ama oso gaixo dago, eta hari etxean lagundu, bizitza duinago bat eman eta gastuak ordaintzeko asmoz, hainbat lanbide ditu semeak. Supermerkatu bateko langilea da, baita biltegi batekoa ere. Azkenik, prostituzioan ere aritzen da. Kontua da bera baino 30 urte zaharragoa den bezero batekin maitemintzen dela, eta ikusten da beraien arteko harremana toxikoa izateaz gain, boterean oinarrituta dagoela.
Zergatik sentitu zenuen istorio hori kontatzeko beharra?
Duela hiruzpalau urte, beste proiektu batekin ari nintzela, prostituzioari buruzko artikulu bat irakurri nuen, eta orduan hasi nintzen irudikatzen proiektua. Egia da prostituzioari buruzko film batzuk ikusi ditugula, baina emakumezkoen inguruan izan dira gehiago, eta gizonezkoena ere existitzen da. Imajinatu emakumezkoena estigmatizatuta badago, gizonezkoena nola dagoen. Uste baino gertuago dugun zerbait da, gai mamitsua da, eta jendeari interesa dakiokeelako murgildu naiz lanketa horretan. Nire helburua ez da izan prostituzioa ondo dagoela esatea, baizik eta gazte batek horretara zergatik jotzen duen kontatzea.
Gaia bera oso gordina da. Atsegin duzu horrelako gaiak lantzea?
Bai. Ez dut esango bizitza beti gordina denik, baina oso errealitate konplexuak daude, eta horiek ere kontatu egin behar direla iruditzen zait. Barru-barrutik ateratzen zaidan zerbait da, eta iruditzen zait istorioek jendearen perspektibak alda ditzaketela, baita nireak ere. Askotan pentsatzen dugu ez dugula aurreiritzirik, baina gero konturatzen gara horiez josita gaudela.
Bakarrik zuzentzen duzun lehen ikus-entzunezkoa da. Lan handia izan al da zuretzat?
Bai, baina batez ere bide berria izan da niretzat zuzendari eta aktore protagonista bezala aldi berean jardutea. Azken finean, film laburrean aktoreak biluzik agertu behar duen eszenak daude, eta horretarako prest dagoen norbait bilatzea ez da hain erraza. Bat topatu genuen, baina egutegiek ez zuten bat egiten, eta azkenean erabaki genuen nik antzeztea pertsonaia nagusia. Hori horrela izanda, aktore zuzendaritzan Mireia Gabilondok lagundu dit, hark konfiantza handia ematen baitit. Zutabe garrantzitsu bat izan da Gabilondo. Nire kasuan, saiatu naiz grabaketak baino lehenago gauzak oso zehaztuta izaten.
Proiektu askotan ikusi ahal izan zara azkenaldian, jende ezagun askorekin, baina Alprojan hasi zenuen bidea. Nolakoak izan ziren garai haiek?
Garai onak izan ziren niretzat. Geldirik egon ezin zuen ume eta gazte bat izan nintzen ni, behar nuen askatzea, eta Alprojak ihesbide bat eman zidan. Gehiago esango dut, Alprojan eman nituen aktore moduan lehen pausoak, eta bertan ibili ez banintz, agian ez nintzatekeen gaur egun aktorea izango.
Sortzaile batek ez omen dio uzten sekula sortzeari. Ba al duzu beste zerbait esku artean?
Bai, Babesa film laburraz gain, beste hainbat proiektu ditut esku artean. Alde batetik, Jorge Gilek idatzitako film labur bateko zuzendaritza taldean parte hartuko dut beste lagun batekin. Proiektuan aktore moduan ariko da Telmo Irureta aktore zumaiarra, eta aste honetan jasoko dugu gidoia. Dena ondo badoa, hurrengo urtean hasiko ditugu grabaketak.
Bestalde, badut pertsonalagoa den beste proiektutxo bat. Dossierrak eginda daude eta gidoia otsailerako izango dut, baina oraindik ez dut erabaki nola bideratuko dudan proiektua. Pentsatu egin behar dut noizko komeni den hori jende artera eramatea, baina akaso hiruzpalau urtera izango da. Egia esan behar badut, ezin naiz gelditu, eta jarraitu egin nahi dut sortzen etorkizunera begira. Momentuz ikasten ari naiz, eta horretan jarraitzeko asmoa dut.