Gurekin Jaiko inurriontzat, azken euskal jai hauek izan dira gure azkenak. Agur esateko, azken topa egin genuen bertaratu zineten beste inurri guztiekin batera. Asko eskertu genuen zuen kopatxoa gurearekin batera altxatzera eta zuen irriekin euri eta zaparrada artean berotasuna eskaintzera etorri izana. Azken egunean ere, zuen babespean utzi genuen txosnagunea.
Gurekin Jaiek, beti izan du helburutzat aske sentitzera hurbilduko gaituen gunea eraikitzea, sinisten dugun balore parte hartzaile, euskaldun eta feminista ipar orratz, norbanako, eragile, kolektibo edo herri bezala bizi ditugun borrokak eta festa uztartzea eta hainbat aldarrikapenei oihartzuna ematea, finean, herriari begira, herritik jaiotako festak sortzeko, etxetik urruti ditugunak beti gogoan izanez. Gure ametsa gorpuzten urteak eman ditugu, eta gure ibilian haien eskua (beso, hanka, bizkar eta buru...) luzatu diguten herritarrez inguratuta egon gara. Ezinbestekoa izan da bidean gerturatu zaizkigunen laguntza, txosnagunea osatzen, elkar zaintzen, ideiak makinatzen, dantza egitera bertaratzen edota txosnagunea dekoratzen ibili direnen borondatea. Zuek indartu gaituzue bide kurbatuenetan, gure herri miragarri honetako udaletxe miragarriak, gure jarduna gustuko ez duenez, jarri dizkigun oztopo eta arazo guztien aurrean (dela arrazoirik gabeko leku aldaketa, diru laguntza eza, ordutegi murriztua, garbigailuentzako moduko limitadoreak, multak edota epaiketak) zuen bultzadak eta babesagatik jarraitu baitugu aurrera.
Itxi eta bagoaz. Atzera eta aurrera begira. Eskerrak eman eta animatu nahi dugu jendea, Zarautzen jaiak herritik eta herriarentzat ospatzeko, amets egiteko txosnagune bat sortzera.
Probatu ez duenak ez daki zer den hau!
Hurrengo brindixean dantzatuko dugu elkarrekin!