Xabier Txurruka jauna

Erabiltzailearen aurpegia Gurekin Jai 2016ko eka. 13a, 11:14

Gurekin Jai festa batzordearen izenean idazten dugu gutun hau Xabier Txurruka alkateari zuzendua.

Xabier Txurruka Jauna,

Zuri zuzentzen gatzaizkizu zuzenean, zeu baitzara Zarauzko Udalaren ordezkari nagusi eta arduraduna. Gainera, jakin ahal izan dugu erabaki oro zaindu eta gainbegiratzen duzula, zeuk izanik azken hitza.

Badira hainbat hilabete aurtengo herriko bi jaiak (San Pelaioak zein Euskal Jaiak) antolatzeko baimena sartu genuenetik. Tarte luze baten ondoren jarri zineten gurekin harremanetan, komunikatuz guk eskaturiko hainbat eskakizun ez direla horrela izango, erabat zehaztu gabe zuen proposamena. Horren aurrean, bilera bat eskatu genizuen, aipatu puntuen inguruan mintzatu eta adostasunetara heltzeko asmoz. Zuen erantzuna berriz ea zertarako bildu nahi genuen galdera izan zen, ez zegoela zer hitz eginik. Guk harridura eta etsipena ezin ezkutatuta esan genizuen eta dizuegu bat egiten ez dugun atalen inguruan adostasunak bilatzea duela helburu bilkurak. Hilabete igaro da ordutik. Telefonoz zein idatziz sartu ditugu bilkura eskariak. Eta ez dugu zuen partetik erantzunik jaso alkate jauna.

Egoera ezin bortitzagoa da guretzat. Zuk eta zure Udal Gobernuko kideok ongi dakizuen bezala urteak daramatzagu herriko festen antolakuntzan modu aktiboan parte hartzen eta hainbat herritarrentzat erreferentea den gunea antolatzen. Urte hauetan guztietan ez dugu esango udalarekin izan dugun harremana erraza izan denik, ez baita horrela izan, udalak izan duen kolorea edozein izanda ere. Baina beti izan dugu harreman zuzena udal ordezkariekin. Gogoratuko da Imanol Lasa, zurekin batera Udal Gobernuko kidea, eginiko hainbat eta hainbat bileraz. Hau eta besteaz mintzo, guk hau eman eta bestea jaso. Azpiegitura. Bizilagunak. Ordutegiak. Eta mila gai gehiago. Esan bezala, alkate jauna, ez zen erraza, baina urtero heldu ginen akordioetara. Enpatiaz jokatzea bezalakorik ez dagoela!

Zuen kasuan, ordea, hitz egiteari egin diozue UKO, ez duzue gurekin bildu ere egin nahi. Ea zertarako bildu behar dugun galdegin diguzue, gainera. Utziko diguzu esaten Txurruka jauna minduta sentitu garela, herritar bezala irainduta zuen jarrerarekin. Zintzoki, uste dugu akats izugarria dela duzuen jarrera. Esan bezala herriari festetan eskaintza zabala egiten diogun batzordea gara, beste hainbat herritar, eragile eta talderekin batera (tartean zuk ordezkatzen duzun udala bera) herriko jaiak antolatzea helburua duena. Eta zintzoki, alkate jauna, uste dugu lan hau balorean jartzea dagokizula zuri udal ordezkari goren bezala, gu babestea dagokizun mailan, bide ematea.

Beraz, Xabier Txurruka jauna, gutun honekin aukera berri bat eman nahi dizugu gurekin harremanak bideratzerako, jarrera aldatzeko.

Hau horrela, idatzi honen bidez beste behin gurekin biltzeko eskatu nahi dizugu. Gure eskaerak oraingo honetan harrera ona izan eta laster zure berri izango dugulakoan agurtuko gara,

Gurekin Jai Festa Batzordea

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide