Zarauzko Udaleko Parekidetasun departamenduak antolatuta, azaroaren 23an indarkeria matxistari buruzko lehenengo jardunaldiak izango dira Zarautzen. Gaur egun emakumeek jasaten duten egoera ikusita, ez da Zarauzko EH Bildu horrelako jardunaldiak ez direla egin behar esango duena. Aitzitik, berauek sustatzen eta indartzen ahaleginduko gara, herriko emakumeen parte hartzea bultzatuz eta herriko emakume guztiei irekita. Jardunaldi hori gaztelania hutsez egitea, ordea, gogor salatu nahi dugu eta, euskararen presentzia bermatu ezean, bertan behera uzteko eskatzen diogu Zarauzko Udal Gobernuari.
Parekidetasun aailaren buru den Gloria Vazquez andereak behin baino gehiagotan erakutsi du euskararekiko duen mespretxua, eta oraingoan, EAJ alderdiak oparitu zion kargua erabili nahi du mespretxu hori gauzatzeko. Zarauzko EH Bilduren ustetan badira bai Gloria Vazquez andereak zein EAJ alderdiak kontuan izan beharko lituzketen hainbat kontu:
- Zarautz, herri euskalduna da eta euskararen aldeko jarrera nabarmena du.
- Zarautz Ueman sartuta dago euskararen arnasgune bat delako eta horrek ardura eta konpromiso batzuk eskatzen dizkio udalari.
- Zarautz Uemako zuzendaritzan dago Nekane Iribar EAJko zinegotziaren bitartez, konpromiso horretan, nolabait, aintzindari izan beharko lukeelarik.
Zarautzen, udalak antolaturiko ekitaldi batean, euskara ez erabiltzea oso gauza grabea dela pentsatzen dugulako, presazko lan bilera bat eskatu diogu Udal Gobernuari gaiari zer nolako irtenbidea eman diezaiokegun aztertzeko (eskaera azpiko aldean). Zarauzko EH Bilduren aldetik, edo jardunaldi horren diseinua aldatu eta euskara ere erabiliko dela ziurtatzen du Udal Gobernuak, edo berau bertan behera uztea eskatzen dugu.