Indarkeria matxistari buruzko jardunaldiak antolatu ditu Parekidetasun sailak

Zarauzko Hitza 2016ko azaroaren 1a

Azaroaren 23an izango da, Alameda hotelean, doan.

Indarkeria matxista jasan duten emakumeek, behin salaketa jarriz gero, bizitzen duten prozesuari buruzko gogoetae egitea da jardunaldian horien helburua: salaketa jartzearen garrantziaz, legearen argi-itzalez, epaitegietako prozesuaz eta emakumeak jasan dezakeen bigarren biktimizazioaz, besteak beste. Azaroaren 23an izango da, Alameda hotelean.

Eta salaketaren ondoren, zer? lelopean, parte-hartzaileek hainbat hitzaldiretan parte hartzeko aukera izango dute. Guztiak gaztelaniaz izango dira. Hona hemen Parekidetasun sailak antolatu duen egitaraua:

-9:30. Harrera

-9:45. Inaugurazioa. Xabier Txurruka alkateak eta Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak hartuko dute parte, besteak beste.

-10:00-11:00. Indarkeria sexistaren aurkako erantzun penala: alde onak eta txarrak hitzaldia,
Miren Ortubay EHUko Zuzenbide Penaleko irakasle eta María de Maeztu forum feministako kidearen eskutik.

-11:00-11:30. Atsedena.

-11:30-12:30. Eguneroko jardunaren mitoak eta errealitateak epaitegietan hitzaldia,
Patricia Verdes Cearra genero indarkerian espezializatutako abokatuaren eskutik.

-12:30-13:30. Salaketak emakumeengan duen eragin emozional eta psikologikoa hitzaldia, Norma Vazquez García psikoterapeuta eta Sortzen aholkularitzako zuzendariaren eskutik.

-14:00-16:00. Bazkaria. Alameda hotelean bazkaldu nahi dutenek aukera izango dute 15 euroren truke. Jatetxean bertan ordaindu beharko da. 

-16:00-17:00. Erronka berriak, genero indarkeriaren aurrean hitzaldia, Clara Campoamor elkarteko presidente Blanca Estrella Ruiz Ungoren eskutik.

-17:00-18:00. Genero indarkeriari aurre egiteko ahalduntzea. Indarkeria jasan duten emakumeen elkarteen esperientziak: Haize Berria (Bilbo), Mujeres que aman demasiado (Bilbo), Mujeres Bizirik (Gasteiz) eta Mujeres al Cuadrado (Eibar).

-18:00. Itxiera

Jardunaldia doan izango da, baina plazak mugatuak direnez, aurrez izena eman beharko da. Horretarako, hainbat bide jarri dituzte: berdintasunazarautz.files.wordpress.com atariaren bidez, Parekidetasun sailera bertaratuta (Zigordia kalea, 33, 1. solairua), 943-005117 telefonora deituta edota berdintasuna@zarautz.eus helbidera idatzita. 

Parekidetasun sailaren atarian dago eskuragarri informazio osoa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide