Astiko kirolguneko eraikinak hobetzeko lanak pasa den legealdian bultzatu zituen EH Bilduk. Benetan garrantzizkoa deritzogu kirol instalakuntzak gaurkotu eta egokitzea eta pozten gara egungo Udal gobernuak aldagela eta gimnasio berriarekin aurrera egitea erabaki duelako. Hala ere, gauzak ezin dira edozein modutara egin. Izan ere, beharrezkoak diren baimenik gabe hasi nahi ditu lanak Udal gobernuak. Hala onartu zuen atzo udalbatzarrean Gloria Vazquez PSEko zinegotziak, “tramite administratibo batzuengatik ez gara bada diru-laguntzarik gabe geldituko…”, esan zuen.
Udal gobernu honek, aurrekoari behin eta berriro exijitzen zion bezalaxe, eta herritar guztiei eskatzen zaien moduan, bete beharreko tramite guztiak bete behar ditu. Gauzak horrela, ez dugu ulertzen nola eman zaion Asti kirolguneko eraikinak hobetu eta handitzeko hiri-berrikuntzako plan bereziari behin betiko onespena, oraindik bi baimen beharrezko falta dituenean. Xabier Txurruka alkateak onartu zuen Ura-ren eta ETS-ren baimenak falta dituela, baina “ahoz” jaso dituela.
EH Bilduk proiektua defenditzen du baina, esan bezala, gauzak behar bezala egin behar direlako, atzoko plenoan abstenitu egin ginen.
Bestalde, pozten gara Zarauzko udalerrian 2016an zehar etxebizitza hutsak alokairuko merkatuean jartzen laguntzeko diru-laguntzen oinarri bereziak onartu zirelako atzo. Honakoa ez da lehenengo neurria etxebizitza hutsak alokairura ateratzeko, aurreko legealdian OHZ-aren errekarguak helburu bera zuen eta atzo bozkatutakoak OHZren osagarri izan beharko luke.
Azpimarratu nahi dugu, aurrekontuen negoziaketan, Udal gobernuak 100.000 euro proposatu zituela partida honetarako eta, EH Bilduren eskaerari esker, diru-laguntza honen kopurua bikoitza izango dela, 200.000 eurokoa alegia. Horrexegatik, baiezkoa bozkatu genuen puntu honetan.