Euskal Astea 2026

Suspentsea Euskal Jaiei

Erabiltzailearen aurpegia Alproja antzerki taldea 2026ko irailaren 1a

Alprojaren iazko ikuskizuna, Munoa plazan. (Mireia Galara Bastida)

Alproja antzerki taldeak Zelai Ondon eskainiko du 2026ko Euskal Jaietako antzezlana.

2026ko Zarauzko Euskal Jaietako antzezlana ezohiko lekuan eskainiko du Alproja antzerki taldeak. Munoako obrak direla eta, Zelai Ondo auzoko pistan izango da emanaldia, eguerdiko 12:00etan (euria balitz, Lizardi aretoan). Leku aldaketak logistikan eragina izango du eta, horrela, aktoreak Santa Klaran mozorrotuko dira eta kalejira Paxotik abiatuko da, Herrikobarra kalea, Lege zaharren enparantza, Zigordia kalea, Geltoki bidea, tren geltoki azpiko pasagunea eta Salberdin igaro ondoren, zehar Zelai Ondora iristeko. Ibilbidea luzeagoa izaki, 11:40an abiatzea aurreikusten da.

Munoako obrena ez da aurten Alprojarentzat buruhauste bakarra izan. Hasteko, kontatu beharreko istorioa erabakitzea kosta egin da, hasiera batean hautatutako gaiak ez baitzuen gidoi bat osatzeko adina eman. Hori horrela, erlojuaren aurka, maiatzean argumentuz aldatu eta, zerotik hasita, gidoia astebetean hasi eta bukatu beharrean izan ziren. Zorionez, eta agian horregatik, ikuslea ordubetez intrigaz mantentzeko moduko istorio original eta bizia osatu dute. Fikziozko hilketa bat izango da istorioaren ardatza. Euskal artista ezagun baten heriotzarekin hasiko da obra. Berehala, Madame Kontxexi Anjel Lertxundik sortutako pertsonaiak hartuko du hilketa argitzeko ardura. Haritik tiraka, euskal ipuin ezagunetako pertsonaiak ikertuko ditu, heriotza horrekin izan dezaketen zerikusia argitu asmoz. Gai izango ote da ikuslea erruduna nor den asmatzeko? Zer ote dute kontatzeko ipuinetako pertsonaia horiek?

Bestalde, Alprojak parte hartzaileak bereganatzeko zailtasunak ere izan ditu aurten. Azken urteetan parte hartzaile kopurua beherakada izaten ari zen eta sare sozialen bidez deialdi berezia egiten aritu dira Alprojako antolatzaileak. Aspaldi aritutako aktore batzuk itzuli dira aurten, baina parte hartzaile kopuruak behera egin du hala ere. Azkenean, aktore gehienak bi pertsonaia eginez aterako dira oholtzara. 27 aktore guztira. Bi urte barru 50. urteurrena ospatuko du Alprojak eta, aitzakia horrekin, datorren urtean herritar gehiago gerturatzera animatzen ditu taldeak. Badakizu, irakurle!

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide