ANALISIA

Enfilaziorik gabe

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Manterola Garate 2026ko ekainaren 29a

Hainbat traineru, iaz, Kontxako Banderaren lehian. (Arnaitz Rubio Aprea)

Traineru denboraldia martxan da, eta Gukak, astero, arraunaz analisia eskainiko die irakurleei. Hirugarren iritzia Aitor Manterola kazetari zumaiarrak idatzi du. 

Nora doaz traineruak? Balizaren bila. Bi baliza. Bi aldiz horietako bakoitzaren bila gizonezkoak, eta behin, emakumezkoak. Horrela izaten da, salbuespenak salbuespen. Balizatik balizarako bidean ez galtzeko, enfilazioa funtsezkoa izaten da. Eta nola patroia den balizak aurrez aurre ikusten dituen bakarra, hari dagokio trainerua zuzen eramatea.

Ohikotasunetik joango dira traineruak aurtengo udan ere. Eta ez da albiste ona arraunarentzat. Kanpotik begira ari denarentzat, ez da ulertzen erraza baieztapen hori. Madril aldeko igandeko irteera arraunarentzat ona dela erosi duenarentzat ere ez. Ona ez den bezala, betiko patroiek bakarrik ikustea eremua aurrez aurre. Bestelako patroi batzuk ere behar ditu arraunak. Bai, gure kirol hau ezohiko bideetatik ere eramateko aukera arraunak iraun dezan ona ala txarra den aztertuko duten horiek.

Enfilazioa behar du arraunak. Eragile guztiak batera-batera arraun eginez orainaren eta etorkizunaren balizaren bila zuzen joatea. Nor du patroi langintza ezinbesteko eta beharreko horrek? Arraunlariak ez dira gai ia ezertan ados jartzeko. Entrenatzaileak, beste horrenbeste. Ez dira baieztapen merkeak. Hor dago hemeroteka, epaile zorrotz. Klubak ere bakoitza bere zilborrari begira bakarrik bizi dira ia gehienean. Non daude federazioak, txapelketak eta ontzi txikietako lehiaketak antolatzetik aparte? Langintza horiek guztiak ondo eginda daude, jakina. Baina beste lanketa bat ere egin beharko lukete eragile horiek guztiek, eta hasita baleude, segi bezate.

Bien bitartean, etorkizunaren ubera pasatu ezinda doa arrauna. Gero eta larriago. Taldeak osatzeko zailtasun ikaragarriak udazkena joan eta udazkena etorri. Gizarte honetatik, ona den ala ez baloratu gabe, gero eta urrunago; egutegia udatik libratzeko zailtasuna, kasu. Edo gaztetxoen estropadak negu betean mantenduz. Konturatzerako, balizak sobran izango dira eremuetan, talde nahikorik ez eta. Neurririk hartu ezean, traineru baten aurrealdeak bat-batean harri handi bat joko balu bezala gertatuko da: dozena erdi talde eta traineru gutxiago uda batetik bestera. Orduan hastea balizko gertakizun horren zergatien eta konponbideen bila, beranduegi izango da. Eta ez daitezela izan beheko ligetako sei talde edo traineru desagertuko direnak bakarrik, goikoek ia erreparatu ere ez lioketelako egingo balizko gertakari latz horri. Ura norbere traineruan sartu arte, denboralerik ez.

Nork jarriko du arraunaren etorkizunaren gaia enfilazio onean? Eusko Jaurlaritza izan daiteke egokia. TKE ligaren sorreran eragile garrantzitsua izan zelako, eta aurrera begirako azterketak ere egin zirelako mende honen hasieran. “Hurbildu irteera, Eusko Jaurlaritza, eta heldu estatxari ahalik eta azkarren”. Eta Eusko Jaurlaritza esaten dut lehen aipatu dudanagatik: arraun munduak erakutsi duelako ez dela gai arraunaren aldeko ezer bateratua lantzeko.

Enbata dator, eta Saregileak ere ez dira gai izango arraunaren sare zoragarri eta geure-geure hau josteko. San Nikolasen eta Telmo Deunen errezoek ere ez dute mirarik egingo. Mirotza hegalik gabe eta isilik geratuko da, Txiki eta hilotz, bazterren batean. Baina ez galdu Esperantza...

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide