Zarauzko giro politikoa
1976-1978 urteen artean, 1960ko hamarkada amaieran abiatu ziren langileen borrokak aktibo eta sendo mantendu ziren Zarautzen. 1975eko Gabonen garai bueltan, greba zabalak egin ziren enpresa handienetan, soldata eta lan-baldintza hobeak eskatuz eta kaleratzeen aurka protesta eginez. Greba horiek hainbat astez luzatu ziren, eta 3 eguneko greba orokor masiboek eman zieten amaiera, artean martxoaren 3ko Gasteizko sarraskia gertatzear zelarik. Garai horietan errepresioak gogor kolpatzen zuen: batetik, Zarautzen dozenaka atxiloketa, tortura eta espetxeratze izan ziren, tartean ETAko kide Piru eta Tapiren heriotzak; bestetik, ezker abertzalearen inguruko eta Zarauzko Ikastolaren ondasunen eta pertsonen aurkako eraso faxistak ohikoak izan ziren urte horietan.
Trantsizioa eta Erreferenduma
Diktadorea ohean hil zen, Espainiako estatuko langileen eta nazio zapalduen gaineko elite oligarkikoaren nagusitasuna bermatzeko marko liberal-burges berrirako trantsizioa planifikatu ondoren. Suresnesko Kongresutik sortu zen PSOE berriak bete zuen, batez ere, funtzio hori, baina baita PCEk ere, ordurako eurokomunismoaren ildoa bere egina baitzuen. EAJ eta Convergencia alderdiak ere giltzarri izan ziren erregimen berriaren egonkortasunerako; Hego Euskal Herriko eta Kataluinako burgesien interesak defendatu zituzten trantsizioa deitu zitzaion fartsa horretan. Nazio zapalduetako burgesien alderdi politikoek, beraz, frankismoa demokrazia kapitalistaren estandarretara bihurtzeko prozesu hori onartzearen truke, botere –eta gobernantza- kuotak eskuratu zituzten beren autonomia erkidegoetan.
78ko Konstituzioaren erreferendumean Euskal Herriko alderdien hautua hau izan zen:
Aldekoak: UCD, PSOE, PCE, ORT…
Kontrakoak: HB, EE, LKI, HASI, LAIA…
Abstentzioa: EAJ, ESEI, AP, EMK…
Hego Euskal Herrian abstentzioa nagusitu zen (%50,47), eta baiezkoa %34,94 izan zen. Zarautzen kasuan, are nabarmenagoa da Espainiako Konstituzioaren onarpen eza: abstentzioa %65,84 izan zen, eta %19,67k besterik ez zuten haren alde bozkatu.
Frankismoaren oinordekoek eta haien estatu-aparatu koertzitiboek zuzendutako prozesu hori xantaia izan zen langile klasearen eta nazio zapalduen aurka. Espainiako Trantsizioan ez zen erregimen frankistarekin haustura errealik gauzatu, bere zutabe nagusiak mantendu baitziren: monarkia, Espainiaren banaezintasuna, indar errepresiboak, esplotazio kapitalista.
78ko Erregimena gaur egun
Duela mende erdi inposatutako erregimenak bizirik dirau oraindik. Halaber, haustura politikoaren aldeko aldarriak ere gaurkotasun erabatekoa izaten jarraitzen du. 78Ko erregimenak ez dio aterik ixten faxismoari; are gehiago, hura zuritu eta legitimatu egiten du. Diktaduran eta Trantsizioan zehar milaka langilek egin bezala, gaur ere beharrezkoa da estatuaren eta faxismoaren aurka antolatzea, langileen aurkako zapalkuntza ekonomiko, sozial eta politikoa gainditzeko. Aurtengo “Konstituzio Egunean”, Durangoko kaleetan espainiar erregimenarekiko haustura politikoa aldarrikatuko du EHKSk sozialismoaren eta autodeterminazioaren alde.