Txikiren eta Otaegiren hilketaren 50. urteurrena

Irailak 27: Francoren azken exekuzioak

Erabiltzailearen aurpegia Pello Iruretagoiena 2025eko irailaren 26a

Pello Iruretagoienak ondorengo testua ekarri du Zarautz Gukako bere profilera, frankismoko azken fusilamenduen 50. urteurrena gogora ekarrita.

2025eko irailaren 27an mende erdia beteko da Francoren erregimen faxistak bost militante iraultzaile exekutatu zituenetik, bi ETAkoak eta hiru FRAPekoak. Diktadorea jada ahul bazegoen ere, espainiar faxismoak exekuzio haiekin ohartarazi zuen ez zuela inola ere amore emango garai horietan indartzen ari ziren antolakunde iraultzaileen aurrean.

Euskal Herrian ez ezik, Espainiako Estatuan ere baziren antolakunde iraultzaileak, Francoren heriotzarekin posible ikusten zutenak 1936an ezarritako erregimen faxistarekin amaitzea. Hori dela eta, ETAk borroka armatuaren aldeko apustua areagotu zuen, eta FRAP eta GRAPO bezalako talde armatuak agertu ziren Espainiar Estatuan. Langileen eskubideen eta nazio zapalduen askatasunaren aldeko borroken testuinguru horretan exekutatu zituzten bost militanteak, 1975eko irailaren 27an. Ez da ahaztu behar exekuzio hauetaz gain indar polizialen errepresiopean beste 30en bat hildako izan zirela urte horretan bertan, gehienak Euskal Herrian. Dena jokoan jarri zuten militante guzti horiei gaur egun egin diezaiokegun omenaldirik benetazkoena langile klasearen eta nazio zapalduen askatasunaren aldeko borrokari lotzea da.

Gerra Kontseiluak

Erregimenaren kontrako ekintza armatuen areagotzearekin batera areagotu ziren ere militante politiken aurkako epaiketa-militar azkarrak, berehalako kondenak eta erailketak. Erail zituzten bost militanteen aurkako gerra-kontseiluak abuztuaren 28an hasi ziren Angel Otaegi eta Jose Antonio Garmendiarekin, eta irailaren 19an amaitu Txikiren aurka. Tartean beste bi gerra-kontseilu egon ziren FRAPeko militanteen aurka. Epaiketa horien emaitza 11 heriotz-zigor izan ziren: Angel Otaegi, Jose Antonio Garmendia, Xosé Humberto Baena, Antonio Blanco Chivite, Vladimiro Fernández Tovar, José Luis Sánchez-Bravo, Ramón García Sanz, Manuel Cañaveras de Gracia, Concepción Tristán López, María Jesús Dasca Penelas eta Jon Paredes.

Epaiketa militar horiek, beste guztiak bezala, fartsa bat izan ziren. Epaiaren aldeko froga bakarrak tortura bortitzen ondoren polizia etxeetan bortxaz sinatu zituztenak izan ziren, eta auzitegi militarrean torturapean sinatu zutena ukatu bazuten ere, ez zieten jaramonik egin. Gainera, ez zegoen defentsarako aukerarik, eta abokatuek ozta-ozta izan zuten sumarioak irakurtzeko eta alegazioak aurkezteko denbora. Abokatuen estrategia denbora irabaztea eta epaiketak atzeratzea ziren, baina aurkeztutako alegazioak ez ziren onartzen, ezta defentsek eskatutako probak eta lekukoen testigantzak ere. Onartzen zituzten froga bakarrak fiskal frankistenak ziren, hau da, torturapean sinatuarazitako aitortzak, ez zituzten besterik behar. Epaiak aldez aurretik idatzita zeuden eta epaiketa militarrak itxurakeria besterik ez ziren izan. Europako hainbat lekutara ere hedatu ziren protesta eta mobilizazioen bidez lortu zuten heriotza zigor horietako sei espetxealdiengatik aldatzea.

Behin epaiak indarrean sartuta, gobernuaren oniritzia eta sinadura besterik ez ziren falta. Irailaren 26ko arratsaldean sinatu zituzten 5 heriotz-zigorren baimenak. Gogoratu ditzagun, banan-banan, exekutatu zituztenak.

Jon Paredes Manot Txiki:

Zalamea de la Serenan (Badajoz) jaioa, 1954ean. 7 anai-arrebetan bigarren semea. Zarautzera joan ziren bizitzera gurasoekin. Lanean hasi zen eskola utzi eta berehala, familiari aurrera ateratzen laguntzeko. 1973 hasieran ETAn sartu zen eta 1974 abuztuaren 12an Goardia Zibila bere bila joan zen, baina ordurako alde eginda zegoen. Uztailaren 30ean Bartzelonan atxilotu zuten Perez Beotegirekin batera. Cerdanyolako hilerriaren ondoan fusilatua.

Angel Otaegi Eizagirre:

Nuarben (Azpeitia) jaio zen 1942an. Seme bakarra. 15 urterekin inguruko enpresetan hasi zen lanean, Orioko arrantza-ontzi batean gero eta Glual enpresan tornulari bezela lanean zegoela atxilotu zute 1975eko apirilaren 27an, Gobernuak Gipuzkoan eta Bizkaian 3 hilabeteko salbuespen-egoera ezarri eta hurrengo egunean. Burgoseko kartzelan fusilatua.

Xosé Humberto Baena Alonso Pite:

1950ean jaioa. 1970ean atxilotu zuten lehen aldiz, eserialdi batean parte hartzeagatik Santiagoko Unibertsitateko Filosofia eta Letren Fakultatean. 1973an Vigon hasi zen lanean, Fumensa galdategian, eta borroka sindikal eta politiko klandestinoan murgildu zen. Garai hartan sartu zen FRAPen. 1975eko maiatzaren leheneko manifestazioaren ondoren, Fenosako langile bat hil zen kalez jantzitako guardia zibil baten tiroen ondorioz eta maiatzaren 4an, poliziak haren etxea miatu zuen. Madrilera ihes egin zuen, eta uztailaren 20an atxilotu zuten bertan. Hoyo de Manzanaresen fusilatua.

Jose Luis Sanchez Bravo Hidalgo:

1954an jaioa. Sei anaietatik hirugarrena. Kimika Zientzietan matrikulatu zen eta FUDE eta PCEml ikasle-antolakundeetan militatu zuen. Bruguera argitaletxean liburu saltzaile gisa lan egin zuen. 1974ko apirilaren 8an, FRAPeko militantea zenez, polizia haren etxera joan zen. Santiagon izkutatuta egon ondoren, uztailaren 18an Madrilera iristsi zen. Abuztuaren 28an atxilotu zuten. Hoyo de Manzanaresen fusilatua.

Ramón García Sanz Pito:

1948an jaioa. Bartzelonan jaio arren, Zaragozako Pignatelli umezurtzentzako etxean eman zuen haurtzaroa, poliomielitisak jota zegoen bere anaia Santiagorekin batera. Sarrailagile lanetan aritu zen hiriburuko hainbat enpresatan eta 1974an Madrilera joan zen lanera. Jose Luis Sanchezek jarri zuen harremanetan FRAPekin. Abuztuaren 28an atxilotu zuten. Hoyo de Manzanaresen fusilatua.

Erregimen faxistaren aurka jardun zuten militante politikoei benetako aitortza egin nahi dienak jarraitu egin behar du behin hasi zuten bidea. Franco hil eta 50 urte beranduago, ari dira adierazpen eta alderdi faxistak ernaltzen han-hemenka eta, guri, militante komunistoi, faxismoaren adierazpen eta ekimen orori aurre egitea dagokigu. Irailaren 27an, beraz, erail zituzten 5 militanteak gogoratuko ditugu eta antolakuntza-politikorako deia egiten jarraituko dugu: faxismoaren eta estatu kapitalistaren aurka eta nazio zapalduen askatasunaren alde.

Militante iraultzaile horien omenez, hurrengo ekitaldietan parte hartzera deitzen dugu Urola Kostako Kontseilu Sozialistatik:

  • Irailaren 27an eta eguerdiko 12:00etan Zarauzko hilerrian, Ahaztuakek antolatuta.
  • Irailaren 27an eta eguerdiko 13:30ean Zarauzko Munoa plazan, EHKSk antolatuta.

*Eranskinak:

Jon Paredesen Testamentu Politikoa:
https://ahaztuak1936-1977.blogspot.com/2006/09/testamento-de-jon-paredes-manot-txiki.html

Xosé Humberto Baenaren azken gutuna:
https://www.buscameenelciclodelavida.com/2012/09/carta-de-xose-humberto-baena-el-ultimo.html

*Erreferentziak:

Mañana cuando me maten, Carlos Fonseca. Lectulandia Ed. 2015. 
Euskadi eta Askatasuna, bildumako 4. alea. Txalaparta Editoriala 1993.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide