XIX. mende erdialdetik aurrera, aristokraziaren eta goi-burgesiaren opor-leku bihurtu zen Zarautz. Espainiako Isabel II.aren oporraldi ezagunen atzetik, beste zenbait monarkia-familiak ere uda bertan igarotzeko ohitura hartu zuten. Horrela, eliteen neurrira egokitu zen herriaren garapena: hainbat jauregi eraiki zituzten (Villa Munda, Sanz Enea…), lehen hotelak ireki ziren (Gran Hotel de Zarauz *, 1884) eta aberatsen aisialdirako eskaintza zabaldu zen (Real Golf Club de Zarauz, 1916). Bestetik, lehen turista horiek neskameak, morroiak, gidariak, lorezainak… zekartzaten beraiekin, edo sos batzuen beharrean zeuden herritarrak kontratatzen zituzten lan horietarako. Modu horretan, ordura arte arrantzalea eta nekazaria zen herrian turismoaren eta zerbitzuen ekonomia txiki bat garatzen hasi zen.
1960ko hamarkadatik aurrera, masa-turismoa sortu zen, bidaiatzeko aukera beste estratu sozial batzuetara zabaltzearekin batera. Teknologiaren eta mugikortasunaren garapenak, erdi-mailako klase baten sorrerak eta turismoaren profesionalizazioak eraginda, biderkatu egin zen Zarautzera zetorren turista kopurua. Aristokraten jauregi gehienak eraitsi ziren etxebizitza-blokeak eraikitzeko, hotelak biderkatu egin ziren (1969an 13 zeuden) eta kanpina ireki zen (Gran Camping de Zarauz, 1964). Halaber, garai honetan hasi ziren Zarauzko hondartzari "la reina de las playas deitzen".
Aldaketa horiek desarrollismo frankistaren helburuekin bat zetozen: espainiar gizartean ideologia "klasemedianista" bat zabaltzea, oporrak eta "hondartzako etxea" aspirazio sozial gisa hedatuz; eta nazioarteko isolamendua gainditzea, besteak beste, espainiar estatuko kostaldea europar turisten helmuga bihurtuz.
XX. mendeko bigarren erdi horretan, Zarauzko hirigintzaren izaera klasista eta segregatzailea nabarmena izan zen. Batetik, industrializazioaren ondorioz herrira etorritako langileentzako auzoak eraiki ziren (Itxasmendi, Azken Portu), periferian eta kostaldetik urrun. Hondartzaren lehen lerroan, berriz, oporraldia igarotzeko bigarren etxebizitzak erosi zituzten hori ordain zezaketenek.
Hamarkadaz hamarkada, masa-turismoa hazten eta garatzen joan da gaurdaino, guztioi ezaguna zaigun egoerara iritsi arte:
- Zarautzen etxebizitza bat eskuratzea luxuzko ariketa bihurtu da. Eraikuntza- eta higiezin-enpresen nahiz errentisten diru-gosearen ondorioz, etxebizitzaren garestitzea ikaragarria izan da azken urteetan: alokairuak %40 garestitu dira 10 urtean, ez dago 1.000 eurotik beherako eskaintzarik merkatuan, etxe berriak milioi erditik gora saltzen dira eta gazteen %43ek (26-30 urte artekoek) ezin du emantzipatu. Bestetik, etxeen erabilera turistikoak arazo hori larriagotu du: pisu eta apartamentu turistikoak ia hirukoiztu egin dira 2018tik, eta herriko 10 etxetik 3 ez dira inoren ohiko bizitoki (hutsak daude edo bigarren etxebizitzak dira).
- Ekonomia zerbitzuen eta turismoaren sektorea nagusitu dira. Gizarte honetan esplotazioa lan-sektore ororen berezko ezaugarria den arren, jakina da ostalaritzako langileen baldintzak bereziki gogorrak direla: soldata baxuak, ordutegi amaigabeak, ezegonkortasuna eta eskubideen urraketak.
-
Instituzioek turismoaren negozioa aktiboki sustatzen dute, hirigintza-planen, lizentzia turistikoen eta kultur-programazioen bidez. Eraikuntza-enpresen, ostalarien eta etxejabeen interesen aldeko udal-politikak dira nagusi, eta kultur-jarduera askok turistak erakartzeko helburua dute.
Duela mende t’erdi Zarautzera iritsi zenetik, turismoa irabazi-iturri izan da batzuentzat, baina miseria eta esplotazio eragile bertako langileontzat. Arazo honi aurre egin eta bere erantzuleak seinalatzeko, deialdi garrantzitsu bat izango da larunbat honetan: turismoaren negozioaren aurkako manifestazioa, 12:00tan Udaletxe Plazatik abiatuta.
* Ez da ausazkoa izendapen batzuk gazteleraz egitea: nire irudiko, hobeto islatzen dute negozio horien izaera eta kanpo-proiekzioa.