Nakba egunean inperialismoaren aurkako hiru adibide xume Zarautzen

Erabiltzailearen aurpegia Pello Iruretagoiena 2025eko maiatzaren 15a

Sobietar Batasunaren Armada Gorriak -gerran egindako ahaleginei eta sakrifizioei esker- nazismoa garaitu zuenean, alarma gorria piztu zen estatu kapitalistetan, eta horien artean indartsuena ziren Ameriketako Estatu Batuek bloke kapitalistaren agintea hartu zuten, Gerra Hotza deitzen zaion aldiari hasiera emanez. Orduz geroztik, AEBk ofentsiba politiko-militarra areagotu eta askotariko sarraskiak eragin ditu zapaldu duen lurralde bakoitzean. Artikulu honetan AEB eta enparauen hiru gerra-momentu erabili ditut adibidetzat, horien aurrean Zarautzen egon diren hiru protesta-ekimen gogora ekarri asmoz: bata, Nazio Batuek, Palestinako banaketaren bitartez, “Israel” entitate sionista kolonia sortu zuten 1947an, eskrupulorik gabeko garbiketa etniko eta genozida bati ateak zabalduz; bigarrenik, NATO sortu zuten 1949an AEBk, Kanadak eta Europa mendebaldeko hamar estatuk, Sobietar Batasunari aurre egiteko helburu nagusiarekin; azkenik, AEBen Defentsa-Departamenduak “Hego Komandoa” deiturikoa sortu zuen 1963an, Hego-Ameriketan eta Karibe eskualdean komunismoari aurre egiteko aitzakiarekin era guztietako eraso politiko, ekonomiko eta militarrak eginez.

Mollarri Aroztegia” Nikaraguan: Berrogeita hiru urtez (1937-1979) Estatu Batuen titere izan zen Somozatarren familiaren diktadurarekin amaitu zuen Fronte Sandinistaren iraultzak 1979ko uztailaren 19an. 1982 eta 1983an Komite Internazionalistetako bi kide zarauztarrek Fronteko arduradunekin harremanetan jarri eta Aroztegiaren proiektua diseinatu zuten. Ronald Reaganen administrazioak antolatutako eta finantziatutako “Contrak” talde armatuen erasoen aurrean Fronteak beharrezkoa ikusi zuen nekazal lurretan sakabanatuak bizi ziren nekazariak asentamendu berrietan elkartzea haien erasoetatik babesteko. Aldi berean, bertako gazteei ogibide bat erakustea era bazuten helburu.

Euskal Herrian zehar jaso zuten laguntza ekonomiko eta logistikoaren bitartez, 1984an Aroztegia martxan jarri zen, aurreko bi kideei beste bi zarauztar eta gasteiztar bat gehitu zitzaizkielarik. Makineria eta tresneria (zirkularra, zerra, taladroak, regruesadorak...) Euskal Herrian jasotako babes ekonomikoari esker erosi eta Nikaraguara bidali ziren Marinako langileen sindikatuak eskeinitako bi kontainerretan. Nahiz eta hasiera batean “Lehenengo Lurraldean” kokatzea zen asmoa, Fronte Sandinistak erabaki zuen proiektua “Bosgarren Lurraldean” egitea (Chontalesen, Santo Tomas herrian) Contrak lurralde horretan baitzuen indar handiena.

Contrak Mollarrin egindako zenbait etxe erre zituen egindako erasoetan, eta 1986ko maiatzaren 17an, Bosgarren Eskualdean, Mendebaldeko Alemaniako 17 kooperante bahitu zituzten. Horietako 9k bahiketaren operazioan bertan ihestea lortu zuten eta besteak ekainaren 10ean askatu zituzten. AEBk eta Mendebaldeko Alemaniak bahiketa hau baliatu zuten Managuako Gobernua higatzeko eta bere politikaren ildo nagusietan aldaketak lortzeko.

Azkenik, kanpoko presio eta barne kontraesanak medio, oposizio guztia batzen zuen UNO koalizioa nagusitu zen 1990eko otsailaren 25eko hauteskundeetan. Ordurarte gobernuaren izenean zegoen Mollarri kooperatibaren jabetza eskuineko alderdien esku gelditzeko arriskuaren aurrean, tailerraren jabetza AMNLAE emakumeen mugimenduko elkartearen eta nekazari eta auzoetako elkarteen izenean jartzea lortu zuten azken unean. Gaur egun Mollarri Aroztegiak bizirik irauten du.

Zarautzen ere OTANi ezetz esan zitzaion: 1982ko maiatzaren 30ean, UCDko gobernuak Espainia OTANeko 16. kide bihurtu zuen oposizioko gehiengoaren kontrako iritziarekin. Garai horretakoa da PSOEren “OTAN, de entrada no” lelo ezaguna. Orduan, OTANen sartzearen kontra zegoen PSOEk eta gobernura iritsiz gero, erreferenduma antolatuko zuela hitz eman zuen. Errefereduma 1986ko martxoaren 12an egin zen, baina PSOEk iritzia aldatua zuen ordurako, eta erakundean jarraitzea defendatu zuen. Emaitzak hauek izan ziren: Hego Euskal Herrian OTANen jarraitzearen kontrako iritzia nagusitu zen, %35eko abstentzioarekin bozkatu zutenen %62ak aliantzatik ateratzearen alde agertu ziren. eta %33ak jarraitzearen alde. Zarautzen ere jarrera berdintsua izan zen: %33ko abstentzioarekin, %70ak jarraitzearen kontra eta %26k alde.

Biladi Hadi (Nire lurra): Duela 15 urte, 2010eko udan, Euskal Herritik antolatutako elkartasunezko brigada kulturala Palestinan egon zen. Kulturgintzako zein beste eremuetako herritarrez osatutako 40ren bat kide joan ziren hamabost eguneko bi txandetan. Horietatik 10 bat ziren zarauztarrak.

Bidaian izan zituzten oztopo nagusietako bi: aireportuetako kontrol eta galdeketa gogorrak izan zituzten kide askok sionisten aldetik eta Gazan sartzeko beharrezkoa zen baimena ukatu zitzaien.

Elkartasun brigada kulturalaren esperientzia “BILADI HADI – Hamaika begirada Palestinari, Euskal Herritikizeneko liburuan jaso zuten, bai eta diskoan grabatu ere. Blog honetan ikus dezakegu: https://blogak.argia.eus/biladi-hadi/

Hiru adibide horiekin bi ideia azpimarratu nahiko nituzke. Bata, AEBri eta Europako herrialdeei dagokiena.Bi horien arteko aliantza militarra mendebaldeko bloke kapitalistaren interes ekonomiko eta politikoak defendatzeko estrategia eraginkorra izan da urte luzeetan zehar, eta tokian tokiko langile klasea mendean hartu eta sarraski erabatekoak egiteko ez du inolako zalantza izpirik izan. Gaur egun Palestinan ari gara ikusten aliantza horren kapitulurik gordinetakoa. Garbiketa etnikoa gure etxeko telebistetatik zuzenenan.

Bigarren ideia, eta lehenengoari aurka egiten diona, herri honetan egon den borondate internazionalistari lotutakoa. Aipatu ditudan hiru adibideetatik haratago, askotarikoak izan dira AEBk eta Europak sortutako gerren ondorioz azpiratuak izan diren herrialdeei Euskal Herritik egin zaizkien elkartasun keinu eta ekimenak. Zoritxarrez, oraindik ere ezinbestekoak dira horrelako ekimenak. Larunbat honetan, NAKBA egunaren harira eta GAZAko gaurko muturreko egoeraren aurrean, eguerdiko 12:30etan Iruñean manifestazioa izango da Palestinarekin Elkartasuna plataformatik deituta. Hemen irakurketa:

https://x.com/Palestinarekin/status/1915473738876834092/photo/1

Zarauztik “Mondra” tabernaren aurretik irtengo gara 10:30etan. Azaldu!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide