Langileen borrokak Zarautzen frankismoaren azken aldian

Erabiltzailearen aurpegia Pello Iruretagoiena

60ko eta 70eko hamarkadetan eraldaketa sozio-ekonomiko sakonak emango dira Estatu Espainiarrean eta, ondorioz, baita Hego Euskal Herrian ere. Estatuko burgesiak zituen beharrak hala bultzatuta, Frankismoa nazioarteko kapitalaren sistemaren logikan integratzen joango da, eta hala, nazioartean zuen isolamendua arintzen. Besteren artean 1958ko Lan Hitzarmenen Legea, 1959ko Estabilizazio Plana edota Opus Deiko sektore teknokratek gobernuaren zuzendaritzan zuten garrantzia nahitaezkoak izan ziren industrializazio prozesu sakon bat aurrera eramateko eta nazioarteko kapital handiari ateak zabaltzeko. Prozesu ekonomiko eta politiko horiek klaseen konposizioa aldatuko dute hamarkada horietan.

Garai horretan, batez ere Espainiako nekazal eremuetatik industria guneetara emango den proletariotzaren lekualdatzea medio, langile kopurua gora joan zen industria gune tradizionaletan -Bizkaia, Gipuzkoa- zein berrietan -Araba, Nafarroa-. Langile-klasearen eta bere lan-indarraren esplotazio gogorrak industria modernizatua egonkortzea ekarri zuen, baina arlo laboraleko gatazka ekonomiko-politikoak ere gora egin zuten frankismoaren urte horietan. Zarautzen gertatu ziren batzuk ekarri nahi nituzke gogora.

Gaur irudikatzea zaila dirudien arren, 70. hamarkadaren hasiera aldera Zarautzen bigarren sektoreko lantegiek -metalgintza, egurgintza, ehungintza, etab-, gaur ia desagerturik daudenak, garrantzia handia zuten. Nahiz eta tamaina txiki eta ertainekoak izan enpresa gehienak, Zarauzko langile andanak lantegi horietan irabazten zuen eguneroko ogia. Garai hartako langileek jasaten zuten lan-esplotazioaren baldintzek eta frankismoak ezabatutako eskubide politiko eta sindikalak izan ziren urte horietan klaseen arteko gatazken iturri nagusiak. Gertakari nagusienen adibide soil batzuk: 

  • 1964ko apirilaren 5ean hainbat militante atxilotu zituzten erregimenaren kontrako propaganda politikoa egiteagatik eta maiatzaren 2an beste bi atxilotu Maiatzaren Leheneko manifestazioan parte hartzeagatik. Horietako batzuk erbesteratuak izan ziren Espainiar Estatuko zenbait herritara.

  • Abuztuaren bukaeran Manufacturas Zarautz enpresako langileek grebara jo zuten eguneko 20 pezetako soldaten igoera eskatuz. Lan arloko ordezkariak Guardia Zibila bidali zuen lantegira langileak bertatik ateratzera.

  • 1967ko Maiatzaren Lehenean Frantziskotarren egoitzan herrialde mailako Langileen Batzordetako (CCOO) koordinazio bilera batean Goardia Zibilak 17 kide atxilotu zituen, tartean bi zarauztar.

  • 1971ko azaroaren 11tik 1972ko urtarrilaren 28ra arte 78 greba egun egin zituzten 90 langiletik gora zituen Electromecaniquen. Langileen eskaera nagusienetako bi lan asteko jarduna 44 ordutara jaistea eta lan-kategorien arteko soldaten aldea murriztea ziren. Greba horretan jasotako gertakari batzuk: langileek Gabon Gaua Parrokian igaro zuten itxialdian, eta abenduaren 27an horietako 4 langileri Goardia Zibilaren koartelera aurkezteko agindu zitzaien, bertan jipoia jaso eta 5000 pezetako isuna ezartzeko gero. Isuna ez ordaintzea erabaki zuten, eta inguruetako beste lantegietako langileen elkartasun ekonomiko eta presio neurrien bitartez, langileen eskakizunak jasotzen zituen akordioa sinatu zuten otsailaren 27an.

  • 1975eko abenduaren 26an Fabrim enpresako langileak grebara atera ziren. Urtarrilean Muebles Arrutiko, Fundiciones Mugikako eta Bombas Iturreko langileak gehitu ziren lan hitzarmenak hobetzeko borrokara. Urtarrilaren 19an, kaleratzeen zurrumurruen aurrean, 400 lagun bildu ziren asanbladan eta hurrengo egunean 600. Aldizkako lanuzteak enpresa guztietara zabaltzea erabaki zuten. Urtarrilaren 24ean, enpresen ordezkariek San Pelaioko elizan asanblada egin zuten eta 26rako greba orokorra deitu, herria erabat geldiaraziz. Nahiz eta hitzarmeneko eskakizun nagusietan hobekuntzak lortu, kaleratu zituzten langileak birkontratatzeari uko egin zietenez enpresako nagusiek, otsailaren 6an beste greba orokor arrakastatsu batekin kaleratutako langile guztiak onartzea lortu zuten. Martxoaren 3ko goizean, Gasteizko sarraskiaren egun berean, enpresako jabearen deiari erantzunez suzko balak erabili zituen Guardia zibilak piketeetan zeuden Bombas Iturreko langileen aurka. Bi greba orokor egingo ziren horren ostean.

  • 1978an soldata baxuenak zituen egurreko sektoreko 10 lantegi grebara joan ziren lan hitzarmenetako soldaten igoera eskatzeko. Gatazkak iraun zuen hiru hilabeteetan, asanbladetan hartutako erabakiek eta berriki legalizatutako sindikatu batzuen arteko jarrerek talka egin zuten klase-batasunaren kaltetan. Ordura arteko enpresetako langileen arteko koordinazioa, erabakiak asanbladetan hartzeko ohiturak eta klase bezala ekiteko kontzientzia kraskatzen hasten dira. Industria modernizatu zen bezala, kapitalaren ofentsiba politikoa ere modernizatu egin zen: diktadurak gelditu izan ezin zuen langile-mugimendua “trantsizioa” deiturikoaren bitartez geldituko da.

Gogora ekarri nahi ditut garai horietako borrokak, eta baita borroka egin zutenak ere. Miresgarria da langileen klase-kontzientzia nola joan zen indarra hartzen tailerretako zein kaleetako gatazketan, erabaki kolektiboetan, koordinazioan eta antolaketan, elkartasun keinuetan eta babes ekonomikoetan. Langile klaseak oinarri horien gainean lortutakoak, 50 urte beranduago, burgesiaren ofentsiba berriak guztiz birrindu nahi ditu. 50 urteren ostean, borroka egin zutenen oinordekotza gure gain dago orain.

Maiatzaren Lehenean, langileon nazioarteko egunean, Bilbon daukagu hitzordua, eta gure eskualdetik autobusa aterako da.

 

Erreferentziak: Garai haietako zenbait langileen testigantzak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide