PISA delako azterketaren emaitzak gero eta okerragoak izaten ari dira azken boladan, ikasleak Pisako dorrea bera baino makurragoak diren emaitzak lortzen ari baitira urtetik urtera. Agidanez, etengabeko gainbeheran ari da hezkuntza sistema. Oinarrizko jakintzak, edukiak eta bakarkako lana oinarri zituen metodologia (PISAn emaitza onak ematen zituen metodologia, hain zuzen) alboratu, eta urtetik urtera emaitza txarragoak ematen dituzten metodologia ustez berritzaileak aplikatzen tematu dira hezkuntza arduradunak. Urtero hausnarketa sakona egingo dutela diote hezkuntza arduradunek, baina ez du ematen aldatzeko asmorik dutenik, metodologia aldaketarik ez baitute inoiz aipatzen.
Erabateko aldaketarik ez, baina proposamen batzuk aurreratu dituzte: pantailen erabilera mugatzen hasteko asmoa, eta irakurketa indartzea, ordubete-edo aktibitate horri emanda. Horrekin batera sakelakoen erabilera eskoletan debekatzeko erabakiaren berri eman dute komunikabideek. Harritu egin nau erabaki horrek komunikabideetan izan duen oihartzunak, denetan edo gehienetan horren berri eman baitute ezohiko, aparteko, erabakia balitz bezala. Egia esan, lehendik ere sakelakoen erabilera debekatuta zegoen eskoletan, eta noizbait erabiltzen bazen, helburu pedagogikoarekin izaten zen. Gainera, erabaki hori eskoletan egunero hartzen diren gainerako erabaki ohiko eta arrunten artean bat gehiago besterik ez da. Izan ere, gela barruan hainbat gauza debekatuta dago betidanik. Ezin da, esaterako, gela barruan, klase orduan, kapelarik, eguzkitako antiojorik edo musika aditzeko kaskorik jantzita egon. Ezin da, adibidez, baloirik, labanarik, janaririk, eta abarrik mahai gainean eduki. Eta ezta sakelakorik ere, bistan da.
Beharbada, ez da harritzekoa horrelako erabakiak arreta eman izana, gure gizartean hainbeste miresten den teknologia digitalari gutxieneko muga batzuk jartzen baitzaizkio, nahiz eta, lehen esan bezala, sakelakoen erabilera aspaldi debekatuta egon, eta horren berri zabala orain izan. •