ANALISIA

Telebista piztuta

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Olasagasti 2026ko abuztuaren 17a

Tolosaldea eta Orio Arraunketa Elkarteko emakumezkoen ontziak, atzo, Getariako estropadan. (Eneko Santamaria)

Traineru denboraldia martxan da, eta Gukak, astero, arraunaz analisia eskainiko die irakurleei. Hamargarren iritzia Itziar Olasagasti arraunlari oriotarrak idatzi du.

Abuztu erdia igarota, Euskotren ligaren amaierarako bi jardunaldi eta bandera bakarra geratzen zaizkigu. Zein azkar doan denboraldia. Atzo bertan Buitrago de Lozoyan (Espainia) ginela zirudien eta! Abuztuko jardunaldiak etxetik gerturagoko aitzakian, sumatzen da herritarren eta zaleen artean interesa gorantz doala.

Larunbateko estropada Pasaiako (Gipuzkoa) badian izan genuen, Euskotren ligako zortzi ontzietatik bostek bertan entrenatzen duten eremuan. Agian horregatik izango da, baina estropadako lehen hiru minutuak basamortuan baina lehorragoak egin zitzaizkidan. Badia hartan bazen ixiltasuna. Maiderren ahotsa bakarrik entzuten nuen. Baliza aldera gerturatu ahala jende gehiago nabaritzen zen, baina tira, benetan esango dizuet, gehiago espero nuen jendearen gertutasuna. Onartu behar dut, aurkariaren etxean ginela.

Igandean, aldiz, Getarian itsasoko estropada izanda, inguruko itsasontzi dezente antzeman ziren eta autobuseko ilaran nabari zen estropada ikustera gerturatutako jende andana. Baina ezin aipatu gabe utzi txapeldunak lehorreratzean bizitako une gogorrak. Bai, zuen seme-alabei begiak tapatzeko keinuak egin zituzuenean.

Azken urteetan gure kirol honen emanaldietan lortutako aurrerapausoen harira, gai bat ateratzea gustatuko litzaidake. Esaterako, dronen erabileak traineruen plano zuzenak eskaintzen dizkigu airetik. Irudi zoragarriak, baina aldi berean estropararen nondik norakoak galarazten dizkigunak. Esaterako, atzoko estropadan bigarren luze osoa 3 traineruk segundu berean joan (estropada birtualean beste txandakoekin batera), eta ia ez dago planorik hiru ontzien lehiarena. Alboko plano horiek desagertzen ari zaizkigu. Traineruak olatua hartu edo hamarrekoa jotzen duen uneak galtzen ditugu. Ziabogetan ere berdin: ontzi bakarra enfokatzen da, eta ziabogen irteerak galtzen ditugu. Arrraunean ibili denak badaki zein garrantzitsuak diren ziabogako irteera horiek eta, azken estropadetan behintzat, ez ditugu horrelako irudiak ikusi.

Aireko irudiak zoragarriak dira zure taldea enfokatzen dutenean, baina onartu iezadazue, estropadaren perspektiba osoa galtzen duela. Traineru bakarren planoak ikusten ditugu eta eskerrak GPSaren datuak dauzkagun! Bestela, gainontzeko taldeak non dauden ikusi ere ez genituzke egingo.

Proba egin nahi? Ez naiz urrutira joango. Ikusi larunbateko estropada, eta esan Orioko emakumezkoan taldea ia hamaika minutuko estropadan zenbat denboraz enfokatzen duen telebistak. Bigarren proba, igandeko estropada: zenbat denboran goaz Tolosaldea, San Juan eta Orio segundo berean? Eta bitarte horietan zenbat plano daude hiru traineruenak? Kontatu, eta kalean ikusten nauzuenean esango didazue.

Amaitzen joateko, lehen aipatu dut basamortua eta ezin utzi esan gabe, dronek irudiak izateko eremuaren zati estrategikoenak, hau da, publikoarengatik gertuen daudenak edo eremua egokien ikusten den guneak, dronen aireportuak bihurtu dituztela. Guk, zuek, denak etxetik irudi eder, ikusgarri eta plano bakarrekoak izan ditzagun. Eta guzti honek zuzeneko zalegoa eta arraunlarien arteko gertutasuna galtzen du. Jendea estropadak etxetik edo fan zonetik ikustera bultzatzen duelarik.

Zarauzko estropadak ditugu asteburuan. Trenak beteta joango dira azken urteetan bezala, oinez ere jende andana ibiliko da, baina paseoan betiko 10 katuak ikusiko ditugu. Non geratuko dira besteak? Fan zonean, non ba bestela?! Eta ez nau batere harritzen. Izan ere, estropada ikusteko gunean dauden karpa, seguritate eta aireportuekin, zaleentzako geroz eta leku gutxiago dago. Eskerrak lehorreratzean begiak tapapatzen dituztenak baino gehiago zareten taldeak txalo zaparradez jasotzen gaituzuenak, biba zuek!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide