ANALISIA

Harrapazank!

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Olasagasti 2026ko ekainaren 22a

Banyolesen asteburuan brontzezko domina lortu duten skull lauko jubenilak. (OAE)

Traineru denboraldia martxan da, eta Gukak, astero, arraunaz analisia eskainiko die irakurleei. Bigarren iritzia Itziar Olasagasti arraunlari oriotarrak idatzi du. 

Lan kontuak medio Mediterraneo itsasoaren bazterretik ekin diot gaurko idatziari. Isurialde atlantikotik baino isurialde mediterraneotik gertuago aritu dira asteburuan arraun eskolako arraunlariak. Horiek zorionduz hastea besterik ez zait geratzen, emaitza politak lortu baitituzte, itsaso eta errioak alde batera utzita, Gironako (Katalunia) Banyolesko lakuan arraun eginez. Zorionak eta bejondeizuela denei!

Lakuan ez, baina urtegian ekingo diogu asteburu honetan traineruen bi liga nagusiei. Aukeran, etxetik nahi baino urrunago, eta ohikoa baino luze eta ziaboga gehiago eginez. Emakumezkoen kasuan, gainera, distantzia ere zertxobait luzexeagoa izango da. Marka da, gero, etxetik urrun hasi beharra, eta ezohiko lekuan eta formatuan. Horrelakoa da gure liga, eta erraz kexatzen garen mundu honetan, hau da tokatzen zaiguna, eta aurre egingo diogu lehiari, gogoz.

Bost urte lehorrean eta ur bazterrean igaro ondoren, berriz uretara itzuli naiz aurtengo denboraldian. Urduritasuna ur zipriztinen antzera darabilt gorputzean. Batzuetan gazitik, besteetan freskotasun atsegina sentiaraziz. Ziurgabetasun handia sentitzen dut nire buruarengan, ea izan nuen mailara iristeko gai izango ez ote naizen beldurrez. Negu partean izandako agujetek baino kezka gehiago eman dit gaiak. Egoera fisikoa uste baino lehen egokitu da, alabaina, konfiantzak lan gehiago eman dit. Euskotren ligan aritzeko mailan izango al naiz? Etxean egindako testek baietz diote, hala ere, udako jardunak jarriko nau nire tokian.

Etorriko denari beldurrik ez diot, egiten dudanaz oso gustura eta gogotsu bainago. Bakarrik entrenatzea gustuko dut, baina kirola taldean maite dut.

Denboraldi aurrea gorabeheratsua izan da. Gazitik eta gozotik izan du. Zeinek esan, bizitzan lehenengoz piperpoto bat izan dut sari. Piperrak jatea gustuko ditut (nabaritu dadila Garesen bizi den amandrearen indarra), baina inguruan pipertutako jende asko dagoela ere jabetu naiz Realaren Kopako garaipena gustura ospatu duten zaleen herrian; kopa paseatzera ateratzeko arazorik ez dagoen herriaz ari naiz. Hori bai, kopak ez, baina koparen baliokidea den bandera astintzeak barrenak mugitzen dizkienak badira.

Piperpoto bikoitza etorri zen maiatzean, ilusioa egin zidan, aizue, neska-mutilek elkarrekin batera ospatzea garaipenak.

Binaka irabazte horren harira, ez gara eskualdean bakarrak izan. Urola Kostan, gaia badago. Hori bai, bataren eta bestearen artean badira ingurukoen mezuetan kontraesanak. Batzuei "aurten ere ez al duzue ezer utzi behar besteentzat?"; besteei ordea, "begira zeinen ondo ari diren elkarte horretan!". Eta nire buruari galdetzen diot, non dago koska? Harrapazank!

Antzeko zerbait pasatzen zaigu garaipenak ospatzerakoan ere. Astintzen bada, kexak; baina ez bada astintzen ere bai (eta hainbat komunikabidetan sekulako morboa). Ondoko herrikoarengatik sekulakoak esaten ditugu, baina 2021ean Getariako Alde Zaharrean kalejiran ibili zirenak ahaztu al zaizkizue? Guri, ez. Batzuentzat txarra, besteentzat ohorea. Emaion/k horri buelta!

Eta plan berak batzuentzat eta besteentzat balorazio ezberdina duten honetan, eta ongizatea, berdintasuna eta inklusioa denon ahotan ditugun honetan, ez ahaztu elkarte bat bertako talde eta kide guztiek osatzen dutela, eta batik bat, jarraitzaileek. Nire animorik beroenak KAE 1 ligan ekin dioten oriotarrei. Inork gutxik hitz egiten du zuetaz, eta zuek zarete isilpeko eta itzalpeko lanaren adierazle nagusi. Ez ahaztu.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide