Lana eginez gero gauzak ondo aterako direla esan izan digute beti, eta saiatuz gero nahi dugun lekuraino helduko garela. Diziplinak eta konstantziak saria izango dutela errepikatu izan digute haurrak garenetik, eta bidea neketsua eta korapilatsua izanda ere, amaieran guztiak zentzua izango duela; emaitzak mereziko duela, alegia. "Ikusiko duzu" esan izan digute irakasle, entrenatzaile, senide zein lagunek bizitzan zehar izan ditugun erronkei aurre egiten genien bitartean. Baina nekez esango digu norbaitek sari hori askotan ez dela espero genuena izango, ez hasiera batean behintzat.
Izan ere, zorionez ala zoritxarrez, errealitatea da ez dela langile finaren saririk existitzen, eta arrakasta gisa identifikatzen dugun hura eskuratzeko teorian jarraitu beharreko pausoak jarraituta ere, gailurra ukitzetik oso urrun gera gaitezkeela. Kasuren batean edo bestean, gainera, hasierara itzultzea ere tokatuko zaigu; zerotik hastea, alegia. Hau da hau amorrua!
"A zer nolako kaka zaharra egin dudana..." pentsatzen dugu orduan gure baitan. Gehienetan haserre, gainera, geure burua zigortuz, nahita egindako zerbait izango balitz bezala. Baina, "kaka zaharra" al da benetan egin duguna? Pentsatu bi aldiz. Hau da, benetan porrot egiten ari al gara? Huts egitea al da azterketa horretan nahi genuen nota hori ez lortzea edota lasterketa baterako aurreikusita genituen minutu eta segundoetan helmuga ez zeharkatzea? Ingurukoei kale egin al diegu horregatik? Ala geure buruari kale egiten ari gara hori pentsatzean? Izan ere, nire iritziz, arazoa ez da helmugara ez ailegatzea edota heldu nahi genuen bezala ez heltzea, baizik eta gure poza emaitza horren arabera neurtzea. Gazta osoaren ehuneko txiki bat da amaierako nota edota denbora hori, eta, tamalez, sarritan ez du inondik inora ere aurretiazko lan guztia islatzen. Bideak, kontrara, asko irakasten du: esperientzia eta ezagutza ematen dizkigu, eta behin eta berriz saiatzeko indarra ez daukagun lekutik ateratzen ere irakasten digu, adibidez. Beraz, zertarako balio du gailurrera iristeak, bertara heltzeko egindako bideaz gozatzen ez badakigu?