Biribilgunea

Hannah, badaezpada

Erabiltzailearen aurpegia Elaia Aizpurua

Azaroko Zarautz Guka akdizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honakoa.

Ez dakit inoiz ama izan nahi dudan. Nahiko ziur nago ezetz. Nahiko, erabat ez esatearren. Mila gauzatan, mila eratara irudika dezaket nire burua; baina amatasuna horren zaila iruditzen zait horrenbeste mailatan, ezin dut ametsetan ere egin alegiazko horrekin. Nire bizitzako hogei urtetxoen zatirik handiena gogoratzen dut pentsamendu berarekin; edo ezinezko pentsamendu berarekin, hobe esanda. Nolanahi ere, agian, baliteke, maiteminduko banintz iritziz aldatzea. Beldurtu egiten nau, ordea, beste pertsona bat ezagutzean nire buruarentzat beti izan dudan etorkizunaren irudia deseraikitzeak. Nola izan dezake harreman berri batek horrenbesteko boterea?

Asko maitatu dudan arren, ez naiz inoiz maitemindu. Ez benetan behintzat, eta bizitakoa maitemina bada, ez dut gogorik gehiagorako. Ondo pentsatzen badut, maitemindu aditzak gogo baino ikara handiagoa sorrarazten dit. Behin edo behin idatzi dudan moduan, ez naiz maitasun erromantikoaren zale, eta ez dakit erromantizismo horretatik at baden maitemintzerik. Pentsatu ere egin gabe, ordea, gehiago kezkatzen nau erditu nahi ez dudan alabak. Zertarako ekarri bizi berri bat erreakzionarioek, kapitalistek eta presek irensten duten mundu batera; etxe bat erosterik izango ez duen mundu batera; kalean, gauez, bakarrik eta lasai ibili ezingo den mundu batera.

Ezezkoan oso sartuta egoteko, aitortu beharra daukat badudala izenen zerrenda bat, badaezpada inoiz maitemindu eta iritziz aldatzen badut. Alabari Hannah jarriko nioke, Arendten omenez. Seme bat badut, aldiz, ez daukat horren garbi. Badira izen batzuk zerrendan, estetikoki aukeratuak denak, oraingoz ez baita gizonik izena lapurtzeko moduan miresten dudanik; eta zaila da Arendt miresten dudan mailara iristea. Bestela ere, ez dut ezkutatuko ez naizela bereziki saiatu semearen izena dagoeneko erabakitzen; dena delakoagatik, baina gutxiago kezkatzen nau seme batek topo egin lezakeen munduak.

Parrandan ezagutu nuen mutil batekin eztabaidan egin nuen duela ez gehiegi amatasunaz eta beste hainbat aferaz; behar baino garagardo gehiagoren ostean mundua konpontzera baikindoazen diskotekako terrazatik. Neurekoia nintzela esan zidan, eta agian arrazoi du. Baina neurekoiagoa deritzot nork bere gauzak argi izan gabe eta munduak bere gauzak dituen honetan betebehar hutsez erditzeari. Esan zidan, baita ere, mundu honetan guztiok eta norberak uzten omen dugun aztarna bakarra seme-alabak direla. Ni agian neurekoi, baina bera erradikal. Dena den, nik munduari ondorengo bat baino dezente gehiago eskain diezaiokedala sinetsi nahiko nuke. •

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide