Ez neukan ikusia, eta sorpresa hartu nuen: la leche de baserri. Ai, ai eta ai. Aurrena, sinistu ezinda gelditu nintzen: nola izan zaitezkete hain kaikuak! Gero, lasaiago, pentsatzen hasi nintzen zenbat aldiz ez ote ditugun halakoak entzuten eta ikusten gure medio publiko baskoetan: bateko euskal jaias, besteko nuestros arrantzales…
Xaloa ematen du kontuak; are gehiago, pentsatu ahal izango litzateke euskaldunongana gerturatzeko daukazuen modu bat dela. Qué majis sois... Eta bai, nik uste, izan, badela batzuek gerturatzeko daukazuen modua: konkretuki, goitik behera. Zeren de baserri izateak kutsu autentikoa ematen baldin badio esneari, izango da ikuspegi supremazista daukazuelako.
Neure buruari galdetu diot: nola itzuliko genuke hori euskaldunok? Baserriko esnea? Ez, noski, hori neutrala da. Hor ez dago gutxiespenik, ez dago goitik beherako begiradarik; ez legokeen bezala leche de caserío esanez gero. Zein da arazoa, horrela ez duzuela oso baskoak ematen? Sumatzen dela euskarak gutxi axola dizuela? Ba bai, baina probatu dezakezue euskaraz egiten ere. Eta, bide batez, gaztelaniaz ari zaretenean gaztelaniaz egiten, eta kito, baskitoetara jolasten ibili gabe. Iraingarria baita.
Egia esan, azkenaldian bengantza txikiekin konformatzen naiz. Esate baterako, ahaztezina iruditzen zait Iñaki Perurenak kazetari sasi-jakintsu bati eman zion errepasoa. Hor doakio, nafarra cashero bat delakoan edo, eta a zer jakinduria lezioa. Merezi ere bai tontokazuela hark.
Asko gustatu zait adiskide batek orain gutxi kontatutakoa ere. Akaso aspaldiko txantxa izango da, baina orain ikasi dut nik…
Ikusten du baserritar batek pertsona bat ur-negar batetik ura halamoduz edaten, eta esaten dio: nik ez nikek hortik edango, ganadua zebilek goian eta ur hori pixez betea egongo duk. Besteak, burua altxatu eta: ¿Qué dices? A mí háblame en cristiano. Eta baserritarrak, orduan: que si quieres te dejo un baso para que bebas.
Erantzun azkarra eta justua iruditzen zait. Bestela esanda, laletxe iruditzen zait; de baserri, jakina. Izorra hadi.