Txurruka eta Amilibia tartean direla, EAJk aurkeztu du Espainiako Gorteetarako Gipuzkoako zerrenda

Julene Frantzesena

EAJren Kongresurako eta Senaturako hautagaiak atzo, Donostian. (EAJ)

Atzo egin zuen EAJk azaroaren 29ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako Gipuzkoako zerrenden aurkezpena Donostian. Kongresurako hautagaien artean dira Lide Amilibia zumaiarra eta Xabier Txurruka zarauztarra. EAJk Euskadiren eraikuntzan egin duen hamarkadetako lanari jarraipena emango dio, eta datozen lau urteetan ere euskal herritarren interesak defendatuko ditu.

EAJk atzo, larunbatarekin, aurkeztu zituen Espainiako Kongresurako eta Senaturako Gipuzkoako hautagaiak Donostian egindako ekitaldian. Datorren azaroaren 29ko Espainiako Gorteetarako bozetan EAJren zerrendan izango dira Lide Amilibia zumaiarra eta Xabier Txurruka zarauztarra. Dena den, horiek ez dira zerrendaburuak izango; Maribel Vaquero, Joseba Agirretxea eta Eneko Goia dira zerrendako lehen hirurak.

Vaquero zerrendaburuak zehaztu duenez, EAJk Euskadiren eraikuntzan egin duen hamarkadetako lanari jarraipena emango dio, eta datozen lau urteetan ere euskal herritarren interesak defendatuko ditu: "Pankartak erretiratzen direnean eta botoen zenbaketa amaitzen denean, hiritarren arazoek eta beharrek gure ate aurrean jarraituko dute, eta EAJk hor jarraituko du lanean".

Halaber, hark argi utzi du EAJ dela PP-Vox koalizioari aurre egiteko bermea, Euskadi duelako "abiapuntu eta helmuga". Gainerako alderdiak Espainiako "beste alderdien sukurtsalak baino ez" direla ere esan du: "Euskadiko Alderdi Sozialista, Ebro ibaia zeharkatzen duenean, PSOE bihurtzen da; PP eta Vox txanpon berberaren alde biak dira. Izan ere, PPk Gipuzkoan Senaturako hautagaitzarik ere ez du aurkeztu eta botoa Vox-entzat eskatu du. Eta EH Bildu PSOEren bidaidea da, Sanchezek esaten duen guztia txalotzen duena, beren proposamenekin euskal etxearen burujabetasuna ahultzen badute ere". Vaqueroren aburuz, Madrilen Euskadi defendatzen duen alderdi bakarra EAJ da.

Gainera, datozen bozetan "euskal etxearen defentsa" dagoela jokoan ohartarazi du hark, baita eskubide zibil, sozial eta politikoak ere. Horregatik, hautesleei esan die beren buruari galdetzeko zeinen aldeko boza eman behar duten "zainketei, industriari, ekonomiari, etxebizitzari, lehen sektoreari edo pentsioei buruzko erabakirik onenak hartzeko". Botoa nori eman erabakitzeke dutenei ere zuzendu zaie zerrendaburua: "Ez gaitzatela nahastu bloke bien arteko polarizazio mezuekin, lokatz hori guztia ez dezatela aprobetxatu boto baliagarri pozoindu batekin, horrek ez baikaitu ordezkatzen, eta, errealitatean, alferrik galdutako boto orria izango delako". 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide