Aner Peritz bertsolari zarauztarra Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalerdien hurrengo itzulira igaro da. Atzo, larunbatarekin, abestu zuen hark Gernika-Lumoko (Bizkaia) hitzorduan, eta bigarren sailkatu zen; Aitor Mendiluze izan zen garaile 713 punturekin, eta haren atzetik izan zen, 707 puntu batuta. Atzoko puntuazioa kontuan hartuta, sailkapenean zazpigarrena da zarauztarra, eta orotara, hemezortzi bertsolari igaroko dira hurrengo fasera. Beraz, dagoeneko badu hurrengo kanporaketetakoren batean kantatzeko txartela.
Finalerdietako hurrengo fasera sailkatu bada ere, ez dago zehaztuta zein saiotan kantatuko duen Peritzek. Izan ere, fasez igarotzeko finalaurrekoetako azken saioa jokatzea falta da. Datorren larunbatean izango da saio hori Miarritzen (Lapurdi), eta horren ostean jakingo da zein bertsolarik zein saiotan kantatuko duten; hurrengo bueltako hitzorduak Donostian, Gasteizen eta Bilbon izango dira.