Isilpeko errealitatearen kontakizun bat

Intza Trula

Nerea Loiola idazlea eta Maider Leturiaga ilustratzailea, 'Gramo bat' liburua eskuetan dutela. (Erein)

Gramo bat izeneko album ilustratua kaleratu dute Nerea Loiola idazleak eta Maider Leturiaga ilustratzaileak, Erein argitaletxearekin. Borondatez abortatu duen emakume baten istorioaz hitz egiten du lanak. Aurtengo Peru Abarka Album Lehiaketa irabazi izanagatik kaleratu du lana Loiolak. 

"Zorionez, gaur egun gehiago hitz egiten da gaiaz, baina oraindik ere ezkutuan geratzen diren bizipen asko daude", dio Nerea Loiolak. Abortuaz ari da hitz egiten, hori baitu gai nagusi gaur bertan aurkeztu duen Gramo bat album ilustratuak. Peru Abarka Album Lehiaketa irabazi izanagatik kaleratu du lana zarauztarrak, eta ilustrazioak herrikide duen Maider Leturiagak egin ditu.

Lana "abortuaren isiltasunera" hurbiltzeko saiakera bat dela kontatu du idazleak. Emakume batek haurdunaldia etetea erabakiko du, borondatez. Hiru umeren ama denean gelditu da haurdun, eta haurdunaldiarekin aurrera ez egiteko hautua egin du. Kontakizunak erabaki horren bueltan egingo du bidea, eta irakurlea aurreko, bitarteko eta ondorengo bizipenetara bideratuko du. "Bere gorputzera, bere eguneroko bizitzara eta bere pentsamenduetara eramango gaituzte orrialdeek", zehaztu du Loiolak.

Izan ere, abortatu ondoren bizitzak aurrera jarraituko du protagonistarentzat, "ezer gertatu ez balitz bezala". "Erabaki askea da, lortzea hainbeste kostatu zaigun eskubide batetik etorritako erabakia, baina burua eta bihotza ez doaz beti elkarrekin, eta egindakoa behin eta berriz korapilatuko zaio emakumeari", aurreratu du idazleak.

Doluaz pentsatu eta hausnartu nahi izan du zarauztarrak istorio hori idaztean, "erruduntasunarekin nahasten den espazio batean". Era horretan, ondorengoa aztertu du Loiolak lerrook idazterakoan: "Ikusi nahi nuen ea gure buruari zein erabaki mota goraipatzen dizkiogun eta zein ez, zein zigortzen ditugun eta zein ez...".

Bigarren pertsonan

Narratzaileak jaio ez den haur horri hitz egiten dio, eta, horregatik, kontakizuna bigarren pertsonan idatzita dago. "Zu horrek elkarrizketa bat bultzatzen du, eta nire nahia da irakurlea elkarrizketa horretara hurbiltzea", azaldu du zarauztarrak.

Horretarako, emakumearengana gerturatzen saiatu dela dio, eta aitortu du batzuetan "gogorra" egin zaiola "termino batzuetara iristea eta horiek bideratzea". Dena den, argi utzi nahi izan du album ilustratuan kontatzen den istorioa emakume baten istorioa besterik ez dela: "Beste esperientzia pila bat daude, eta nire asmoa ez da inondik inora ere borondatezko abortuaren marko bat ezartzea".

Izenburuari dagokionez, Loiolak kontatu du gaiaz aztertu zuenean jakin zuela zortzi asteko enbrioi batek gramo bat inguru pisatzen duela, "eta hortik dator izenburua".

Leturiagak, berriz, aitortu du "erronka handia" izan dela Gramo bat proiektua ilustratzea: "Orain arte beste tonu bateko gaiekin lan egin izan dut; azken hau gai potoloa izan da". Dena den, bere buruari "aukera bat" ematera ausartu dela dio, eta "pozik" agertu da emaitzarekin. "Istorioaren jarraikortasuna bermatzeko" elementu bat asmatu duela kontatu du  ilustratzaileak, baina elementu hori zein den jakiteko kontakizunean murgildu beharko du irakurleak.

Peru Abarkan saritua

Pasa den apirilean Peru Abarka Album Lehiaketa irabazi zuen Loiolak Gramo bat lanarekin, eta Erein argitaletxearen bitartez kaleratu du orain proiektua. Saria ematerakoan, epaimahaiko kideek Loiolak erabilitako hizkuntza "zuzena eta sakona" nabarmendu zituzten. "Sinplea ustez, baina esanahiz betea", ebatzi zuen epaimahaiak. Era berean, azalpen zientifiko zehatzak ematen dituela zioten, "baliabide estilistiko berri baten erabilera eginez".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide