Zarauztarrek aurrekontuen inguruko ia 200 ekarpen egin dituzte

Enara Ariznabarreta

Urrian zehar egindako entzute prozesuaren bilera Santa Klaran. (Zarauzko Udala)

Urrian egindako auzo bileretan 112 herritarrek parte hartu dute, eta udalak garbitasunari, irisgarritasunari, mugikortasunari eta udal azpiegiturei lotutako eskaerak jaso ditu, besteak beste.

Zarauzko Udalak amaitu du urrian aurrekontuen testuinguruan egindako entzute ariketa. Guztira, ia 200 ekarpen, kexa eta proposamen jaso ditu herritarren eskutik. Aurrez aurreko auzo bileretan 112 lagunek parte hartu dute; horietatik %57,1 emakumeak izan dira, eta %42,9 gizonak. Bilera horietan 170 ekarpen inguru bildu dituzte.

Horrez gain, beste 32 ekarpen jaso dituzte herrian zehar jarritako postontzien eta bide telematikoen bidez. Zehazki, 23 ekarpen posta elektronikoz bidali dituzte, bost auzoetako postontzi fisikoetan utzi dituzte, eta lau Udalaren webguneko parte-hartze atariaren bidez egin dituzte. Ekarpen gehien Vista Alegre eta Hiruerreketan jaso dituzte, eta, batez beste, 25 eskaera inguru bildu dituzte auzo bakoitzean.

Kezka nagusiak

Udalak udal-sailen eskumenen arabera aztertu eta antolatu ditu herritarren ekarpenak. Garbitasunari dagokionez, hainbat auzotan, edukiontzien inguruan pilatzen den zaborra eta arratoiak agertu dira kezka nagusien artean. Udan edukiontziak maizago garbitzeko eta kale garbiketa hobetzeko eskaerak ere jaso dituzte, kiratsari aurre egiteko asmoz.

Urbanizazioaren eta irisgarritasunaren kasuan, herritarrek espaloi zaharrak berritzea, zuloak estaltzea eta zuhaitzen sustraiek hondatutako eremuak konpontzea eskatu dute. Zebrabideetako koskak berdintzea ere proposatu dute, gurpildun aulkien joan-etorriak errazteko. Horrez gain, Vista Alegreko eta Azken Portu Goiko igogailu publikoen mantentze teknikoa eta aireztapena bermatzeko beharra ere aipatu dute. Oinezkoentzako guneak handitzen jarraitzea, eremu publikoak berdetzea, haur parkeak hobetzea eta zenbait tokitan argiztapena indartzea ere eskatu dute.

Segurtasunari, trafikoari eta mugikortasunari dagokienez, trafikoaren abiadura moteltzeko neurriak hartzea eta ikuspen gutxiko bidegurutzeetan ispiluak jartzea proposatu dute. Hiribusa maizago ibiltzea eta haren ibilbideak hobetzea, Udaltzaingoaren presentzia indartzea eta kaleko aparkalekuen kontrola areagotzea ere agertu da eskaeren artean. Era berean, neguan ere bigarren eremuan TAO zerbitzua mantentzeko eskaera egin dute.

Udal azpiegituren inguruko eskaerak ere egin dituzte herritarrek, eta Aritzbatalde kiroldegiaren mantenuari, handitzeari, aireztapenari eta insonorizazioari buruzko hainbat ekarpen jaso ditu udalak. Udal ondarea berritzeko ere aipatu dute, esaterako, Ebro Etxea, Villa Munda eta Sanz Enea.

Hurrengo urratsak

Orain, jasotako proposamen guztiak aztertu eta lehentasunen arabera sailkatzeko lanari ekingo dio udalak. Garbiñe Oiarbide Partaidetza zinegotziak azaldu duenez, entzute prozesuaren ondoren, herritarren eskaerei erantzutea dagokie: "Urrian zehar zarauztarrei entzun diegu eta jasotako ekarpenak aztertu ondoren erantzutea dagokigu orain". 

Oiarbidek herritarrek prozesuan erakutsitako konpromisoa ere nabarmendu du. Haren hitzetan, "oso garrantzitsua da guretzat herritarrei zuzenean entzutea eta beren ekarpenak jasotzea", izan ere, horiei esker udalaren lana hobetzeko aukera izango dutelako. Azkenik, eskerrak eman dizkie prozesuan parte hartu duten herritarrei, egindako ekarpenengatik eta erakutsitako "jarrera eraikitzailearengatik".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide