Aratz Olaizola: "Kaleko emanaldietan ikasten dugu oholtza gainean eroso egoten"

Eneko Eizagirre Perez

Etzi egingo dute Modelon seigarren Zarautz Trik jaialdia. Aratz Olaizola (Zarautz, 1987) trikitilarien elkarteko irakaslea da eta jaialdiaren prestaketa lanaz hitz egin du.

Non dago Zarautz Trik elkartearen jatorria? Nola hasi zineten elkartzen?

Duela hainbat urte, herrian behar bat zegoela ikusi genuen. Kalean hainbat ekintza egiten ziren eta horiek girotzeko trikitilari eta soinujole gutxi zeudela konturatu ginen. Beraz, 2015ean, musika jotzeko elkartzen hasi ginen, pixkanaka. 2019an izan zen elkartearen sorrera ofiziala, eta orduan hasi ginen serioago ikastaroak eskaintzen herritarrei. Zarauzko musika eskolan ez zegoen trikitiaa eta soinua ikasteko hainbeste klase, beraz, Zarautz Trik kultur elkartearen sorrerarekin, hainbat ikasle gurekin hasi ziren intrumentuak jotzen ikasten.

Elkartean arlo akademikoa eta praktikoa lantzen ditugu. Alde batetik, Villa Mundan egiten ditugun entseguetan lantzen du Zarautz Trikek alde akademikoa, baina badugu gure alde praktikoa ere, kaleko ekintzetan parte hartzeko aukera izaten dugunean jorratzen duguna.

Adin ezberdinetako ikasleak izaten dituzu. Nola sentitzen zara hainbat belaunadi trikitiaren bueltan ikustean?

Ikasle bakoitza mundu bat da. Ez da berdina gaztetxoentzat klaseak prestatzea, edo jubilatuta dagoen pertsona batentzat prestatzea. Azken finean, nire lana ikasle bakoitzaren beharretara eta mailara moldatzea da, eta oso aberatsa da ikustea ikasle bakoitzak bere onena eman dezakeela. Oso politak dira denok elkartzean egiten ditugun entseguak ere; izan ere, elkarri laguntzen diote ikasleek eta harreman sendoak sortzen dituzte.

Villa Mundan elkartzen zarete entseatzeko, baina handik kanpo herriko hamaika ekintzatan ere aritzen zarete. Erosoago sentitzen al zarete kalean?

Entseguen helburu nagusia kalean eroso sentitzea da. Azken finean, gelan asko ikas dezakegu, baita bertan egindako saioekin gozatu ere, baina lau paretetatik kanpo musika ikus-entzuleei eskaintzerakoan ikasten dira gauza gehienak. Hasieran ez da erraza jende aurrean jotzea, eta horretarako ausardia asko behar da. Urtean 30 ekintzatik gora egiten ditugu kalean, eta horrela joaten gara ikasten eta geroz eta erosoago sentitzen

Kalera ateratzen zareten bakoitzean, herriko hainbat eragilek inguratzen zaituztete. Nolakoa da horiekin duzuen harremana?

Herriko hainbat eragilerekin ibiltzen gara elkarlanean eta bata besteari lagunzten aritzen gara hitzordu bakoitzean. Jalgiren kasuan, adibidez, beraiek dantza jakin batzuk egiteko gure musika behar dute, eta guk, gure musika jotzeko, beraien dantzak behar ditugu; asko laguntzen diogu elkarri. Herriko jai batzordeekin ere harreman oso polita dugu, izan ere, haiek oso ongi portatzen dira beti gurekin, eta guk haien jaiak girotzen ditugu.

Azken finean, jotzeko plazak behar ditugu eta herriko eragileek plaza horiek eskainzten dizkigute. Trukean, musikaz betetzen ditugu haien hitzorduak, ikus-entzuleei momentu atsegin bat eskainiz. Gainera, urtetik urtera eragile gehiago sortzen ari dira herrian, eta beti izaten gaituzte kontuan. Hori oso aberasgarria da, bai guretzat, bai ekintzentzat, baita herriarentzat ere.

Etzi VI. Zarautz Trik jaialdia ospatuko duzue Modelon. Zer espero duzue egun berezi horretaz?

Jaialdiarena egun oso polita izaten da beti. Etzi egingo duguna seigarrena izango da, eta lehen urteetan jarraitzen genuen dinamika alde batera utzita, gure musikarietan jarriko dugu fokua, emanaldi intimoagoa eskainiz. Izan ere, aurreko urteetan Xabi Solano edo Neomak bezalako izen eta musikari handiak ekarri izan ditugu, jendea erakartzeko. Gure musikariekin egingo dugun emanaldira, berriz, trikitia maite dutenak eta musikarien gertuko jendea etorriko dira. Horrela, Zarautz Trikekoen senideek eta lagunek beteko dute Modelo aretoa ostiral honetan.

Aurtengoan hamahiru musikarik hartuko dute parte emanaldian, eta gurekin elkarlanean, Jalgi dantza taldeko lagunak arituko dira interpretatuko dugun musikari dantza pausoak jartzen.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide