Jakinduriek mundue erreko dau emanaldia Zarautzera iritsi zen atzo iluntzean. 19:00etan hasi zen EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta ZarautzOn elkarteak elkarlanean antolatutako hitzordua. Saioaren helburua, bertsoak tarteko, modu erakargarrian, gai zientifikoak jorratzea zen, eta horretan jardun zuten atzokoan protagonistek: Andoni Egañak eta Eli Pagolak ahotsa eta errima jarri zizkieten Arantzazu Luzarraga, Jon Gardoki eta Xabier Arregi zientzia adituek proposatutako gaiei.
Dozenaka lagun joan ziren Modelo aretora saioaz gozatzera, eta oholtza gainean ziren zientzialariak eta bertsolariak modu finean aritu ziren gaiak jorratzen. Adituek mahai gainean jarritako gaiak konplexuak baziren ere, modu azkarrean eta ulergarrian azaldu zituzten. Besteak beste, adimen artifizialaren, geologiaren edota arkitektura izan zituzten hizpide horiek. Bertsolariek ere ez zuten hutsik egin gai horiez abesterakoan. Gainera, azpimarragarria izan zen Kike Amonarriz aurkezlearen parte hartzea; izan ere, kimika aberasgarria sortu zen haren eta ikus-entzuleen artean.
Arratsalde ederra igaro zuten, beraz, atzo Modelora joandako lagunek, eta ikusi zuten modu dibertigarrian ere ikasi daitekeela zientziaz, atzoko kasuan, bertsoen bidez.