Zarauzko EAJk euskararen biziberritzearen eta arnasguneen babesaren aldeko konpromisoa berretsi du, EH Bilduk azken udal osoko bilkuraren harira egindako kritiken aurrean. Jeltzaleek gogorarazi dutenez, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) proposatutako mozioaren zein EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako testuaren alde bozkatu zuten urriko udalbatzarrean, "bi proposamenek euskararen erabilera indartzeko eta arnasguneak babesteko helburua partekatzen" dutelako.
Halaber, EAJk nabarmendu du Zarauzko Udala Esnatu dinamikarekin bat egiten duela, eta atxikimendu horrek "euskararen biziberritzearen aldeko konpromiso instituzionala" erakusten duela. Jeltzaleen arabera, konpromiso horri udal talde guztien adostasunarekin onartutako mozio bat gehitzeak “balio erantsia” izango luke, "euskararen aldeko politikak ikuspegi partekatu batetik lantzeko aukera emango lukeelako".
Era berean, euren proposamenaren helburuetako bat “ahalik eta adostasun politiko zabalena” lortzea izan dela nabarmendu dute. Horrenbestez, testuen artean dauden adostasun-puntuak hartu dituzte jeltzaleek "elkarlanerako abiapuntutzat". “Euskararen aldeko konpromisoa ez da mozio bakar baten bidez neurtzen”, gehitu dute dute.
Egindako bidea aitortuz
EAJk azpimarratu du bat egite duela UEMAk euskararen arnasguneen inguruan adierazitako kezkarekin. Jeltzaleek aitortu dute euskararen erabilerak “erronka garrantzitsuak” dituela, eta hizkuntzaren ezagutza zabaltzeak ez duela berez erabilera bermatzen. Horregatik, euskararen erabilera sustatzeko politikak indartzen jarraitzea beharrezkotzat jo dute.
Era berean, egungo erronkei heltzeko azken hamarkadetan egindako bidea aitortzea ere "ezinbestekoa" dela iritzi diote. Gogorarazi dutenez, "euskarak aurrerapen handiak izan ditu ezagutzan, hezkuntzan, administrazioan eta gizarteko hainbat esparrutan, herritarren konpromisoari, euskalgintzaren lanari eta erakunde publikoek urteetan garatutako hizkuntza-politikei esker".
“Euskararen egoerak kezkatzen gaitu, eta badakigu oraindik lan handia dugula egiteko”, azpimarratu dute jeltzaleek. Hori horrela, orain arte lortutako aurrerapenak, eta horiek posible egin dituzten pertsona, eragile eta erakundeen lana ezin dela ahaztu nabarmendu dute. Horrenbestez, EAJren hitzetan, “egindakoa aitortzea eta egungo erronkei erantzutea guztiz bateragarriak dira”. Ikuspegi hori EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako mozioan txertatzea izan da helburuetako bat, euskararen aldeko konpromisoa “ahalik eta adostasun politiko zabalenarekin” lantzeko borondatearekin batera.
Partekatutako helburu ugari
EAJk aitortu du bi mozioen artean badirela "ñabardurak eta konpromisoak formulatzeko modu desberdinak". Hala ere, jeltzaleek azpimarratu dute hainbat jarduera-eremu partekatzen dituztela, eta horiek izan beharko luketela aurrerantzean elkarlanerako abiapuntua. Besteak beste, udalaren hizkuntza-planak betetzeko konpromisoa, kontratazio publikoan hizkuntza-irizpideak txertatzearen garrantzia, helduen euskalduntzea sustatzeko beharra, haur eta gazteen aisialdian euskararen presentzia indartzea, udal eskumeneko jardueretan euskararen normalizazioan aurrera egitea eta etorri berriei euskarara hurbiltzeko aukerak eskaintzea.
EAJak iritzi dio "gai horietan dagoen adostasunak euskararen aldeko politikak indartzeko aukera" ematen duela. “Bi mozio aurkeztu izanak ez du esan nahi bi jarrera kontrajarri daudenik”, gogorarazi dute. “Desberdintasunak badaude, baina baita adostasun-eremu zabalak ere”, gaineratu dute, eta horiek indartzea proposatu dute, “euskararen aldeko konpromisoak emaitza zehatzetan gauzatzeko”.
"Elkarlan gehiago eta eztabaida gutxiago"
EH Bilduren kritiken aurrean, EAJk azaldu du bere proposamenaren helburua ez zela UEMAren ekimena baztertzea, baizik eta euskararen aldeko konpromisoari “beste ikuspegi bat gehitzea”, eta udal talde guztiek babestu zezaketen testu bat adosteko aukera zabaltzea.
Jeltzaleen iritziz, euskararen biziberritzeak erakundeen, euskalgintzaren, eragileen eta herritarren arteko elkarlana eskatzen du. Horregatik, adostasun politiko zabalak bilatzea garrantzitsua dela uste dute, "hizkuntza-politiken jarraitutasuna eta eraginkortasuna indartzeko".
Era beran, EAJk azpimarratu du bi mozioen arteko desberdintasunetan sakondu beharrean partekatzen dituzten konpromisoak gauzatzea lehenetsi behar dela. “Euskarak batzen gaitu, eta guztion ekarpena behar du”, adierazi du Garbiñe Oiarbide alkategai jeltzaleak. Bere esanetan, “lehentasuna ez da eztabaida politiko honetan nor gailentzen den, baizik eta euskarak aurrera egitea”. Oiarbideren arabera, horregatik saiatu dira “ahalik eta adostasun zabalena lortzen”. Hala ere, mozio bakarra aho batez onartzea posible izan ez bada ere, horrek “ez luke eragotzi behar aurrerantzean elkarrekin lan egitea”. Izan ere, haren hitzetan, “euskarak elkarlan gehiago eta eztabaida gutxiago behar ditu”.