Asteburu bikaina izan da futboleko lehen taldeentzat, izan ere, lehen taldeek asko merezitako garaipena eskuratu dute. Lan bikaina egin zuten gizonezkoek Bergaran (Gipuzkoa), eta hiru puntu ekarri dituzte etxera. Era berean, emakumezkoek maila bikaina erakutsi zuten Astiko futbol zelaian.
Larunbatean jokatu zuen partidua gizonezkoen lehen taldeak, eta bi golekin garaitu zuten Bergarako taldea. Dani Martin kapitainaren hitzetan, bergararren aurkako norgehiagoka ez zen erraza izan, izan ere, ez ziren jardunaldira "nahi bezala" sartu. Lehenengo zatia ez ziren "oso eroso" egon, baina aurkariari ondo eustea lortu zuten. Jokozainak aldeko penaltia adierazi zuen, eta lehen gola sartzea lortu zuten. Bigarren zatian, berriz, nagusitu egin ziren zarauztarrak, eta bigarren golarekin, 2-0 amaitu zen partidua.
Emakumezkoen lehen taldeak CD Lakua Arriaga taldearen aurka eskuratu zuen garaipena, etxean. Nabarmen nagusitu ziren zarauztarrak, eta bost goleko aldearekin garaitu zituzten gasteiztarrak, markagailua 5-0 itxiz.
Maila bikaina erakusten ari dira Zarauzko bi taldeak denboraldi hasieran eta asteburuko garaipen garrantzitsuarekin, datorren asteko partiduetan aldeko emaitza hauek mantentzeko helburuarekin jarraituko dute.