Azaroko bigarren igandearekin batera, Txakolin Eguna ospatuko dute beste urte batez Lege Zaharren Enparantzan, eta, aurtengoan, hamabi upategik parte hartuko dute. Zarauzko Udaleko Turismo departamentuak eta Getariako Txakolinak antolatu dute egitaraua, Zurekin Zarauzko ostalari elkartearen laguntzarekin.
Denen gozagarri izango den egitarau oparoa prestatu dute iganderako. 11:30ean emango diote hasiera egunari, eta Haur Txokoa izango da Lege Zaharren Enparantzan Zurekin Zarauzko Ostalarien Elkartearen eskutik. 12:00etan, Txakolin Dantza egingo du Jalgi dantza taldeak, Arrain Zopa kantu taldearen laguntzarekin, eta bertso saioa ere izango da, Andoni Egaña eta Sebastian Lizasorekin. Jarraian hasiko da txakolin dastaketa, eta bertan izango dira Getariako Txakolina jatorri izeneko txakolinak. Gainera, Eusko Labelek solomo pintxoak eskainiko ditu.
Hori horrela, ondorengoak dira Txakolin Egunean parte hartuko duten hamabi upategiak: Ameztoi, Akarregi Txiki, Arregi, Basa Lore, Blai, Gaintza, Gañeta, Katxiña, Mokoroa, Talai Berri, Txomin Etxaniz eta Rezabal.
Gainera, festaren aitzakian, Zurekin elkarteko tabernen eskutik, hainbat establezimenduk txakolina eta pintxoa prezio berezian eskainiko dituzte astezkenetik igandera.