Bi harri jasotze txapelketa jokatu zituzten atzo Abadiñon (Bizkaia), eta bi txapelak zarauztarrentzat izan ziren.
Mikel Lopetegi Urra-k Harri Txikien Euskadiko Txapelketa irabazi du zortzigarren aldiz. Atzo eguerdian, 125 kiloko harri errektangularrarekin, 125 kiloko zilindroarekin, 112,5 kiloko kubikoarekin eta 100 kiloko bolarekin egindako lanetan, guztira 12.450 kilo jaso zituen. Jon Gisasola Zelai V.ak eta Eneko Bilbaok osatu zuten podiuma.
Urra-k jakitera eman duenez, hasieran kosta egin zitzaion lanean sartzea, baina azken bi harriekin "lan polita" egin zuen, eta "sentsazio onarekin" amaitu zuen txapelketa. Zortzigarren txapela du zarauztarrak eta hamargarrenetikngertuago dago. Txapelak pilatzeak ilusioa egiten duela aitortu du harrijasotzaileak, eta egindako lanarekin gustura agertu da.
Maddi Gesalagak, berriz, hirugarren aldiz segidan bereganatu du Kintopekoen Euskadiko Txapelketa, 20 urtez azpiko harri jasotzaileei zuzendutako txapelketa, alegia. Guztira 3.550 kilo altxatu zituen atzo Gesalagak Abadiñon: 45 jasoaldi eman zizkion 50 kiloko zilindroari, eta 50 kiloko kubikoa 26 aldiz jaso zuen. Goizeder Abendibar, Maddi Salterain eta Anne Orkarai izan ziren Gesalagaren lehiakideak atzokoan.