Philippines Pro txapelketatik kanpo geratu da Erostarbe

Intza Trula

Nadia Erostarbe atzo, Filipinetako txapelketako final-laurdenak jokatzen. (Surf30)

Tyler Wright munduko txapeldun ohiak final-laurdenetan kaleratu du surfista zarauztarra. Dena den, Filipinetan lortutako emaitzari esker postu bat gora egin du Erostarbek World Surf League (WSL) zirkuituan: 11. postuan dago orain.

Amaitu da Philippines Pro txapelketa Nadia Erostarbe zarauztarrarentzat. Tyler Wright munduko txapeldun ohiaren aurka neurtu zituen indarrak atzo, final-laurdenetan, eta mendean hartu zuen hark.

Wrightek hasiera-hasieratik erakutsi zuen uretan zer egiteko gai zen: epaimahaiak 7,5 punturekin baloratu zuen olatu bat hartu zuen proba hasi bezain pronto. Erostarbe saiatu zen txapeldun ohia estutuko zuen olatua hartzen, baina 5,33 puntuko olatua lortu zuen, aurkaria garaitzeko nahikoa ez zena. Probaren azken hondarretan 6 puntuko beste olatu bat hartu zuen Wrightek, eta txapelketa erabat erdietsita utzi zuen horri esker.

World Surf League (WSL) zirkuituaren barruko probetako bat da Filipinetan jokatu berri dutena, eta bertan lortutako puntuei esker postu bat gora egin du Erostarbek sailkapen orokorrean: 12. postutik 11. postura salto egin du, alegia.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide