Arimak herrira jaitsi dira urteko gau beldurgarrienean

Enara Ariznabarreta

Jalgi dantza taldeak bosgarren urtez prestatu du kalejira Gau Beltzean, Santu Guztien Egunaren bezperan. Aurten, Villa Mundatik abiatu dira, eta herritarrek goiraino bete dute Lege Zaharren Enparantza festa amaierako ikuskizunaz gozatzeko asmoz.

Urtero bezalaxe, aurten Jalgi dantza taldeak bosgarren urtez ospatu du Gau Beltzaren jaia, Santu Guztien Egunaren bezperako gauean. Alproja, Zarautztrik, Motxian-Etxebeltz Bertsogunea eta Gurutxurtu aisialdi taldea batu dira egitasmora, eta guztien artean ikuskizun berezia eskaini dute. 

Dozenaka herritarrek jarraitu dute gertutik kalejira. Aurten, Villa Mundatik abiatu dira, eta herriko hainbat kale zeharkatu dituzte kalabaza, kandela eta dantza artean. Sustoak ere ez dira falta izan Jaldi dantza taldearen kalejiran, eta ez da inor libratu, haurrak zein helduak ikaratzea lortu dute eta. Azkenik, Lege Zaharren Enparantza goraino bete da festa amaierako ekitaldi nagusiaz gozatzeko, dantzarien, antzezleen eta bertsolarien parte hartzearekin. Bertaratu diren guztien artean gaztainak banatu dituzte, eta Zarautztrikek erromeria doinuz beteko du plazan, festa luzatuz.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide