Jakinduria bertso bihurtuko da Zarautzen asteartean Modelon

Eneko Eizagirre Perez

Andoni Egaña

Bertsolaritza eta dibulgazio zientifikoa uztartuko dira Modelo aretoan asteartean, 19:00etan. Arantzazu Luzarraga, Jon Gardoki eta Xabier Arregi zientzialariak proposatutako galderak bertsoz erantzungo dituzte Andoni Egaña eta Eli Pagola bertsolariek.

EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta ZarautzOn elkarteak elkarlanean, martxan jarri dute Jakinduriek mundue erreko dau ekimena astearte honetan Modelo aretoan 19:00etan. Saioaren helburua, bertsolaritzaren bitartez, modu erakargarrian, gai zientifikoak jorratzea da. Horretarako, Andoni Egañak eta Eli Pagolak ahotsa eta errima jarriko diete Arantzazu Luzarraga, Jon Gardoki eta Xabier Arregi zientzia adituek proposatutako galderei.

Zientzialariei dagokionez, Arantzazu Luzarraga arkitektura aditua da. 2019an Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan Arkitekturako doktoretza atera ondoren, EHUko Arkitektura Goi Teknologia Eskolako irakaslea eta ikertzailea da egun. Jon Gardoki, berriz, geologoa da eta EHUko Geologia Saileko ikertzailea eta Harea-Coastal Geologia ikerketa taldeko kidea ere bada. Azkenik, Xabier Arregi informatika arloan da aditua. 1988tik Donostiako Informatika Fakultateko irakaslea da eta Ixa taldeko kidea izan zen sortu zenetik, eta orain HiTZ zentroa koordinatzen du.

Hiru zientzialariek jarritako gaien inguruko bertsoak kantatuko dituzte Andoni Egaña zarauztarrak eta Eli Pagola ereñotzutarrak. Gaiak gidatzen eta arratsaldea girotzen Kike Amonarriz soziolinguista eta umorista arituko da aurkezle lanetan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide