Lur Errasti: "Ekintza gehiago antolatu nahi ditugu gaztetxeko sukaldetik kanpo"

Eneko Eizagirre Perez

Lur Errasti eta Elena Berazierto Hiruputzuko sukaldean. (Eneko Eizagirre Perez)

Elena Berazierto (Zarautz, 1999) eta Lur Errasti (Zarautz, 2003) Uhera literatura taldeko kideak dira. Hiruputzu gaztetxean sortu zen taldea eta han elkartzen dira, hilean behin, solasaldiak egiteko.

Herrian badaude hainbat irakurle talde. Nondik etorri zen Uhera sortzeko ideia?

Lur Errasti: Duela pare bat urte, Euskal Herriko hainbat gaztetxetan irakurle taldeak sortzen hasi ziren. Gasteizko Azpimarra irakurle taldea izan zen olatu horretan lehena, eta ondoren hasi ziren beste herrietan ere sortzen, besteak beste, Mutrikun [Gipuzkoa], Beasainen [Gipuzkoa] edo Zarautzen bertan. Literaturan interesa zuten hainbat herritan elkartu ziren irakurle taldeak osatzeko, eta ordutik, jendea batzen joan da.

Zergatik Uhera? Zein da hitzaren esanahia?

L.E.: Uheraren esanahiari aurkitu genion harreman polita literaturarekin eta gure herriarekin. Definizioz, itsasontziak uretan mugitzean atzean uzten duen arrastoa da uhera; gaztelaniaz estela edo turbio esaten da. Oso izen egokia iruditzen zaigu, izan ere, literatura ere bada gizakiak modu artifizialean naturan uzten duen arrasto bat, uheraren gisan. Gainera, Zarautzek itsasoarekin duen harremana ere azpimarratu nahi izan genuen izen hau aukeratzerakoan.

Hilean behin izaten dituzue hitzorduak. Igandeek ba al dute harremanik literaturarekin?

Elena Berazierto: Igandea, orokorrean, guztiok libre izaten dugun egun bat da. Astean zehar gure gauzak ditugu eta zaila izaten da elkartzea. Ostiralean eta larunbatean martxarako gogo gehiago izaten dugu normalean, eta igandean, literaturarako.

L.E.: Asteburuetan izaten ditugu aitzakiak parranda egiteko. Agian, igandeetan ere behar genuen arrazoi bat gaztetxera etortzeko eta elkartzeko. Plan atsegina da, jan-edana ez da sekula falta izaten gure hitzorduetan.

Nolakoa da zuen lan egiteko modua eta nola aukeratzen dituzue irakurgaiak?

E.B.: Proposamen guztiak elkartzen ditugu eta denon artean aukeratzen dugu zein liburu irakurriko dugu hilero. Saiatzen gara momentuko gaiekin edo idazleekin lotura duten obrak aukeratzen. Adibidez, Frankensteinen pelikularen bueltan, Mary Shelleyren nobela irakurri genuen; edo azken aldian Federico Garcia Lorca izaten ari den oihartzunaren harira, haren lanak ere irakurri ditugu.

L.E.: Guretzat garrantzitsua da aukeratzen ditugun obren artean oreka bat mantentzea. Saiatzen gara euskal idazleen liburuak hautatzen eta emakumeek idatzitako lanak irakurtzen, baina askotan, balantza orekatzea ez da erraza. Taldean asko gara eta denon artean aukeratzen ditugu liburuak, irizpide horiek guztiak kontuan izanda, eta oraingoz, gustura egin dugu lana.

Adin desberdinetako jendea elkartzen zarete. Belaunaldi desberdinak liburu berdinaren bueltan elkartzean, zer sentitzen duzue?

L.E.: Orokorrean, adin buelta bertsuko jendea elkartzen gara, eta batzuetan etortzen dira pertsona helduagoak zein gazteagoak. Formula polita da: literaturan interesa duen jendea gaztetxera etortzen da, eta gaztetxean dagoen jendea, literatura topaguneetara.

E.B.: Azkenaldian etorri izan dira irakurle berriak gure hitzorduetara, baina taldearen muinean jende bertsua gaude. Ideia da ahalik eta jende gehiena etortzea gure ekintzetara. Beti da aberasgarria jende desberdina elkartzea.

Zerk bereizten du Uhera beste irakurle taldeetatik?

L.E.: Esan bezala, gure jarduera hilabetean behin elkartzea da. Hala ere, gauza desberdinak egiteko grina izan dugu betidanik. Ez dugu ezer berria asmatu, baina Pintxopoete izeneko jarduera bat jarri genuen martxan eta oso ongi funtzionatu zuen. Poesiarentzako mikro ireki gisako bat da: gaztetxeko poteo giroan, edonork du aukera askatasun osoarekin olerkiak partekatzeko.

E.B.: Hala ere, gure helburua ez da inoiz izan gauza bereizgarriak egitea. Besterik gabe, kultura partekatzeko espazio bat sortu nahi genuen. Hemendik aurrera, ordea, gauza berriak egiten hasi nahi dugu, jende berria erakartzeko.

Zein da Uheraren etorkizuna?

L.E.: Ideia asko ditugu eta horiek lurreratzea falta zaigu. Hala ere, guretzat interesgarriena izango litzateke eguraldi ona aprobetxatzea eta gaztetxeko sukaldetik kanpo ekintzak antolatzea. Horretarako, eguraldi atseginagoak etorri behar du. Bitartean, barrualdean elkartzen jarraituko dugu.

E.B.: Kanpoan egin izan ditugu hainbat jarduera, besteak beste, Zarauzko tabernetan saioak edo Santa Klara komentuan solasaldiak. Funtzionatu duten ekintzak izan dira, eta hemendik aurrera horrelako gauza gehiago egitea gustatuko litzaiguke.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide