Ibon Imazen Oroimenezko surf txapelketa herrikoiaren 30. edizioa jokatuko dute asteburu osoan, gaur hasi eta igandera arte. Urtero legez, Borghetto parean izango da ekitaldia, eta txapelketa herrikoiaz gain, beste hainbat jarduera izango dira bertan.
Ibontxiki eguna ospatuko dute gaur, eta 17:00etatik 18:00etara olinpiar surfaz gozatzeko aukera izango dute etxeko txikienek eta gurasoek. Parte hartu nahi duen orok bertan eman beharko du izena. 18:30etatik 19:30etara, ogitartekoak eta dantza izango dira nagusi Desertu Txikian.
Goizeko 7:00etan ekingo diote larunbatari bilera batekin. 7:30etatik hasita, arratsaldeko 18:30ak arte luzatuko da txapelketa herrikoia, eta surf giroa izango da nagusi Borghetto parean. Eguerdian, 14:00etatik 15:00etara, partaide guztiek bazkari goxoa izango dute. Eguna amaitzeko, afariaz eta kontzertuez gozatzeko aukera izango da.
Igandean, berriz, goizeko 7:00etatik hasi eta 15:30ak arte txapelketarekin jarratuko dute. 11:00etatik 16:30era, lema eta ohol margoketaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Arratsaldean, 30. edizioa ixteko, finalak eta sari banaketa ospatuko dira.