Amenabar Zarautz Espainiako Kopatik kanpo geratu da

Aritz Mutiozabal

Amenabar Zarautz taldea, Aritzbataldeko pistan. (Luis Epelde)

Segoviakoi Viveros Herol BM Nava taldea gehiago izan zen Aritzbataldeko kantxan, eta 30-41ko emaitzarekin hartu zuen mendean Zarauzko eskubaloi taldea.

Amenabar Zarautzek ezin izan zuen eskubaloiko Espainiako Kopako lehen kanporaketa gainditu, atzo arratsaldean Viveros Herol BM Nava taldearen aurka 30-41 galdu ondoren. Aritzbatalde kiroldegia jendez bete zen norgehiagoka garrantzitsua ikusteko: zarauztarrek Asobal ligako talde baten aurka neurtu zituen indarrak, eta ikusmin handia sortu zen zaleen artean. Ilusioa ere piztu zuten Mikel Agirrezabalagaren mutilek hasierako minutuetan 2-0 aurretik jarrita markagailuan, baina Segoviako taldeak berehala uxatu zituen Amenabarren ametsak eta aise jarri ziren aurretik, joko indartsua erakutsiz.

Atsedenaldira 14-23koarekin iritsi ziren, eta bigarren zatian zarauztarrak gogotsu atera baziren ere, Navako jokalariak lehengo bidetik jarraitu zuten. 13 goleko aldea ere atera zieten, hasi eta zazpigarren minutuan (16-29). Pixkanaka-pixkanaka, ordea, etxekoek beren jokoa bilatu zuten eta alde hori zortzira jaistea lortu zuten, baina ordurako kanporaketa erabakita zegoen, eta, azkenean, 30-41ekoaren galdu zuen Amenabarrek.

Kopako porrota alde batera utzita, larunbat honetan ligako partida izango dute Antequeraren aurka, etxetik kanpo, 18:30ean. Aurkaria sailkapenaren hamalaugarren postuan dago, partida bakarra irabazita. Zarauztarrek garaipen bat behar dute lehenbailehen burua altxatzen hasteko, eta asteburu hau ardaytz izan daiteke.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide